• IRITZIA
  • Osasungintzan berrikuntza ala burbuila
Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Osasungintzan berrikuntza ala burbuila

2026ko azaroaren 23a - 05:30
IMG 0131

Azaroaren 17an, Isomorphic Labs izeneko laborategiak finantzaketa-erronda batean 5.000 milioi dolar bildu dituela iragarri zuen. Zifra hori irakurtzean, bi erreakzio izan nituen aldi berean: “hau da adimen artifizialari eman beharreko erabilera” eta “itxaron pixka bat… 5.000 milioi?”. Bi erreakzio hauen arteko tentsioa da artikulu honen funtsa.

 

Isomorphic Google DeepMind-etik sortu zen 2021ean, Demis Hassabisen eskutik. Proteinen egitura iragartzen duen sistema asmatu zuen eta 2024ko Kimikako Nobel saria ekarri zuen etxera ikerlariak. Bere helburu botika berriak diseinatzeko AA erabiltzea da, azkarrago eta merkeago. Botika berri bat merkatura eramateak hamar urte baino gehiago eta milaka milioi dolar behar izaten ditu, eta saiakuntza klinikoetara iristen diren hautagaien gehiengo zabalak huts egiten du bidean. Arazoa erreala da. Prozesuaren hasierako faseak hobetu badaitezke, gizarte osoak irabaziko du. AA iragarkiak idazteko edo bideo bitxiak sortzeko baino hobeto erabili nahi badugu, hau izan daiteke bideetako bat zalantzarik gabe.

Zifrek ere, ordea, beste zerbait kontatzen digute: 2025eko martxoan, Isomorphic-ek 600 milioi dolar bildu zituen. 2026ko maiatzean, 2.100 milioi. Sei hilabete geroago, 5.000 milioi. Guztira, 7.700 milioi inguru kanpoko inbertsioan. Enpresak ez du bere balorazioa publiko egin, baina Bloombergek argitaratu zuen 50.000 milioi dolarreko balorazioarekin ari zela dirua biltzen, lehenago 17.500 milioi ingurukoa zenean. Urtebete baino gutxiagoan, balioa ia hirukoiztu egin dute. Harritzekoa da, oraindik ez baitu botika bakar bat ere gizakiekin egiten diren saiakuntza klinikoetan. Inbertitzaileek ez dute frogatutako emaitza baten truke ordaintzen, etorkizuneko desira baten truke baizik. 

 

Horrelako kasuen bueltan, burbuila hitza gero eta gehiago entzuten ari naiz. 2000. urteko puntu-com burbuilan, Internet ez zen gezurra, mundua eraldatu zuen goitik behera. Prezioan zegoen arazoa: Interneteko enpresen balorazioek aurreratu egin zuten negozioek urte askoren buruan emango zutena, eta horietariko asko inoiz ez ziren eman zitzaien balioa izatera iritsi. Antzeko zerbait gertatzen ari dela uste dut AAren inguruan. Kapitala hain dago kontzentratuta AAn, “AA” etiketa daraman edozein proiektu on prezio bikoitzean edo hirukoitzean saltzen dela. Isomorphic-en kasuan, gainera, AA eta bioteknologia batzen dira, oso modan dauden teknologia eta sektorea elkartzen direlarik.

Zorionez, biologiak ez du super-inteligentziaren erritmoa jarraituko. AAk molekula bat egun gutxitan diseina dezake, baina gaixoek, saiakuntzen faseek eta erregulatzaileek beren denbora behar dute gizakiontzat izan daitekeen farmako berri bat merkaturatzeko. Hor ez dago GPU gehiagorekin prozesua azkartzerik. Dena den, eragiketa honen atzean ideia garbia dago. Botiken merkatua erraldoia da, eta arrakasta handiko botika bakar batek urtean milaka milioi lor ditzake Isomorphic-en jabeentzat. Gainera, atzean Alphabet dago, beraz enpresak ez du presarik bizirauteko. AA botikak diseinatzeko erabiltzea hamarkada honetako aukera onenetako bat izan daiteke, eta, era berean, prezioa puztuta egon. Benetako proba Isomorphic-en lehen molekulek saiakuntza klinikoetan nola erantzuten duten izango da, eta ea porrot-tasa industriarena baino nabarmen txikiagoa den.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain