Nolako izena, halako izana. Ez da beti gertatzen, baina, batzuetan, zoriak izen bat ematen dizu eta horrekin batera patu-molde bat jartzen du zure eskura. Jane Goodallena horietako bat da: hala moduz itzulita, “oso-osorik ona” eman lezake bere abizenak. Hitz-joko tuntuna besterik ez da, baina niretzat zentzua du, besteak beste iradokitzen didalako pertsona eta gauza onak existitu egiten direla, eta ez ditugula sekula lortutzat eman behar. Zaindu egin behar direla, alegia, landu, babestu eta eutsi, behin eta berriz erein egin behar delako.
Nabarmen da bere bizitza inspirazio-iturri agorrezina dela niretzat, ez da? Oraindik irakurri ez baduzu, zinez gomendatzen dizut The Book of Hope: A Survival Guide for Trying Times (2021) irakurtzea. Elkarrizketa zintzo bat da eta bertan oinarri hartzen ditu bere ibilbidearen pasarte hautatuak partekatzeko munduan egoteko aukeratu eta sortu zuen modua. Testigantza zuzena da, bere hitza, izena eta izana islatzen dituena.
Esan gabe doa Goodall joan den astean hil zela 91 urterekin, honezkero jakingo duzun bezala. Ez dakit azken-azkena izan zen, baina nik ikusi dudan bere azken elkarrizketan heriotzaren gaia mahai gainean jarri zuen, esanez behin bere adinera iritsita horixe izango zela bere hurrengo abentura, hots, "hiltzen jakitea". Txinpantzeei begiratzeko modua aldatu zigun emakume zientzialaria izan zen, baina bere ekarpena askoz handiagoa da. Berarekin ikasi genuen itxaropena eta xalotasuna edo inozokeria ez direla gauza bera, inondik ere. Kontrara, itxaropena diziplina bat dela, metodologia bat, egunero-egunero praktikan jarri behar den gaitasun ezinbestekoa zela erakutsi zuen. Maiz jasanezin egiten zaigun orainaldiari aurre egin ahal izateko itxaropena behar da, aurrez aurre ditugun miseria, arazo eta desafio guztien garrantzia ulertzeko eta aitortzeko ausardia behar den bezainbeste. Nola eutsi dakioke itxaropenari aurrez aurre ditugun hamaika kalapiten erdian? Bada, Goodallek behin eta berriro esan ohi zuenez, ingurura begiratu besterik ez dago ohartzeko horretarako energia-iturriak gure baitan ditugula. Berak, zehazki, lau zutabe edo energia-dispositibo antzematen zituen: gizakiok pentsatzeko eta sortzeko dugun gaitasuna, naturaren erresilientzia, gazteen indarra eta, azkenik, amildegitik ateratzen gaituen indar menderaezina. Hori ere bagara, hori ere gure esku dugu munduari begiratzen diogunean, munduan gure ekarpena egin nahi dugunean.
"Oso-osorik on" hitz-jokoa baino ez da, baina bere izenean antzematen den ontasun hori uler genezake etika zorrotz baterako gonbidapen gisa. Goodall ez zen inozoa, ez zituen ukatzen errealitatearen alderdirik ilunenenak eta, alderantziz, argitara ateratzen zituen begi-hutsez ikusarazteko. Naturarekiko indarkeria, ingurumenaren narriadura edo giza-komunitateen hauskortasuna ezagutu zituen barru-barrutik, eta, hala ere, birsortzeko aukeraren alde egin zuen. Itxaropentsu jardutea ez baita errealista izatearen kontrakoa, haren osagarri argiena baizik.
Beste mundu bat posible dela diogu, zinez sinistuta, baina aitor dezagun gero eta nekagarriagoa egiten zaigula horri eustea. Nik ez dakit nola apurtzen den barne-ezinegon hori, baina Goodallengan aurkitzen dut metodo posibleren bat. Izan ere, berak egin zuen bezala, gure ingurua zintzotasunez aztertzea beharrezkoa da —sufrimendua, suntsipena, ziurgabetasuna eta bidegabekeria aitortuta—, zeren eta, horiek hor daudelako, iluntasunak bizkorregi aurrera egiten duelako, ezin dugu amore eman. Konplexutasuna ez da oztopo, gure munduen baldintza baizik.
Enpresa eta ekonomiaren munduak, funtsean, giza eta gizarte esparrukoak dira, eta, beraz, arlo horietan ere ikasteko asko utzi zigun Goodallek. Ez dut zorrotza izateko inolako asmorik, baina pare bat kontu behintzat aipatu nahi nituzke.
Lehena: erakundeek ezin dute heroi bakartien bizkar gainean jardun. Lidergoa garrantzitsua da, bai, baina instituzionalizatzen den ondarea da, egunaren amaieran, iraun egiten duena: taldeak, proiektuak, izen propio baten distiratik bereizita bizirik dirauen kultura. Goodallek ulertu egin zuen hori eta bere oinordekoak diren Jane Goodall Institutua, Roots & Shoots programa eta enparauak sortu zituen, itxaropenak ere kudeaketa-egiturak behar ditu eta. Enpresa-esparruan gauza bera gertatzen da: inspirazioa elikatzen duten pertsonak beharrezkoak dira, baina eraldatu ahal izateko, inspirazio hori antolaketa-muskulu bihurtzen asmatu behar dugu.
Bigarrena. Goodallen neurriko figura bat desagertzen denean, erreleboan pentsatzeko premia aitatzea ezinbestekoa da. Gurean belaunaldi-ordezkapenaren uholdearen erdian gaude, eta, beraz, ez da etorkizun-erronka, oraintsu heldu beharreko auzia baizik, ate-joka dugu eta. Galdera, hortaz, ez da soilik nork hartuko duen lekukoa, baizik eta nola ziurtatuko dugun egindako bidea ez dela marra etenez betetzen, hau da, zer egingo dugun balio, esperientzia eta kultura bera transmititzeko. Benetako ondarea ez da lorpen isolatuen bidez lortzen, beste batzuei zentzuz ibiltzen jarraitzeko aukera emango dieten baldintzak sortzen asmatzen baizik.
Mundua apur bat umezurtz geratzen da inspiratzeko eta eredu izateko gai diren pertsonak galtzen ditugunean, beren argi eta itzalak ere izan dituztenak, jakina. Miresten ditugun pertsonak ohorez gogoratzen ditugu, baina aintzatespena erakusteko modurik zintzoena ez da hitz soilez apaintzea. Benetan ohoratu nahi baditugu, aitor dezagun beren ondareak zuzenean interpelatzen gaituela, pertsona bakoitzak axola duela, ekintza bakoitzak kontatzen duela, egunero egin dezakegula zerbait ona, zerbait hobea.
Hortxe dugu leziorik zailenetako bat, eta, aldi berean, zereginik zoragarriena ere badena: ondareari bizirik eustea. Inspiratzea, bai, baina, batez ere, beste batzuek aurrera egin dezaten baldintzak sortzea. Izan ere, benetan Good–all, oso-osorik ona dena ez da instant bateko distira, komunitate batean pizten den argia baizik. Iraun egiten duena, piztu zuenik ez dagoenean ere.