Pandora kutxa airezta dezagun

Euskal Herrian egitura enpresarial anitza dugu, historikoki indartsua izan den industria eta eraikuntzatik hasi, eta gaur egun etengabe sortzen ari diren enpresa teknologiko berrietara. 60.000 enpresatik gora guztira, 2021eko ekaineko datuen arabera. Kolore askotariko enpresak ditugu, kooperatiba txikiak, tradizioan hiltzaturiko enpresa familiarrak, autonomoak, hazten ari diren punta-puntako enpresa teknologikoak, eta milaka familiaren diru-iturri izan diren korporazio eta kooperatiba handiak. Aitzitik, ez gara behin ere enpresa eta ekonomiaz zuzenki aritzekoak izan, eta are gutxiago sortu eta garatzen ditugun ekintza enpresariala goraipatzeko bada.

EnpresaBIDEAren sorrera pozarren hartu nuen; “azkenik etxeko enpresa eta ekonomiaz jardungo den euskal komunikabide bat” esan nion nire buruari. Ez dakit zuk ere halako zirrararik partekatuko duzun, baina hala bada, ongi etorri etxera. Etxe sentitu dut lehen momentutik, eta etxe sentiarazi nahi nuke bertara hurbiltzen den oro ere. Etxea, ordea, hutsik dago, eta ez nuen garbi nola eman hasiera astero izango dudan txoko honi. Zerri egin lehen keinua? Lehena beti da lehen, nire iritzi-ildoa markatuko duen lehen zutabea, munduari “Kaixo!” esateko unea. Zalantzak zalantza, azken urteotan ekintzaile izaera barneratu eta abentura bila hasi diren horiengan zentratu nahi nuke.

Gorabehera asko bizi izan ditugu azken urteotan. 2008ko krisi ekonomikoaren osteko beherakada, pandemia, orain bizitzen ari garen gerra… gogor zigortzen ari dira gure bizitza soziala, baina baita ekonomikoa ere. Denbora honetan milaka dira lanpostua galdu, enplegua erregulatzeko aldi baterako espedientea sufritu, edota lana topatu ezinean dabiltzan profesionalak. Eta, arrazoi ezberdinak medio, asko dira enpresa berriak –hainbat forma eta koloretakoak– sortzen ausartu diren ekintzaileak.

Batzuek moda bat dela diote, eta bakarrik dirua dutenen eskura dagoela ekintzaile izatea. Beste batzuren ustez, burbuila bat da, lehenago aipatutako krisiek katekaturiko eragin ekonomikoaren ondorioak sorturikoa. Ez dakit bietakoren bat izango den, eta akaso zutabe honetan aurrerantzean emango dizkiogu erantzunak gai honi. Baina, gaur-gaurkoz, begirune eta errespetu osoa zor bere bidea egitera menturatu diren zoro guztiei.

EnpresaBIDEA zoro txiki guzti hauen etxe ere sentiaraztea nahi nuke, eta haiekin partekatu jarraian aipatuko ditudan helburu eta eskaerak: urtetan falta izan duten ikusgarritasuna eskainiko duen etxea izatea nahiko nuke, beste batzuen asmatze eta porrotak partekatzeko espazioa izan, ikasteko balioko digun erreminta bilakatu eta azken batean, enpresa-ekosistema ehundu, saretu eta indartzeko bozgorailua bihurtu. Prest al zaude? Abiapuntuko marran prest, ortzi-muga argi. Has gaitezen!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK