“Lasai neska, zure paranoiak dira” entzun zenuen kezka honek hartu zintuen aldietako batean, eta orduz geroztik ez duzu ezer aipatu.
Proposamena egin zenuen sail komertzialeko bilkuran, bezeroen jarraipena aldatzeko. Inork ez zuen erantzuten proposamena. Zuzendaritzako kideak pantailari so zeuden, eta bilkura hurrengo gaira pasa zen. Hogei minutura, Mikelek ia berdina esan zuen. “Ideia ona Mikel, hori egingo dugu”.
Ez zenuen ezer esan orduan. Handik aurrera, gutxiagotan parte hartu zenuen. Eta gero, baten batek galdetuko zizun zergatik ez zenuen parte hartzen. Ideiak lapurtzen zizkizuten susmoa aipatu bezain laster, ordea, 'paranoikoa' hitzak astindu zintuen.
Beldurrak ditugu gure lan eremuetan. Ez dira handiak, ezta dramatikoak ere. Oker egitearen beldurra, barregarri gelditzearena, “zaila” dela pentsatuko dutela uste izatea, kanpo gelditzeko beldurra. Isilik geratzea dugu babes. Beldur horiek ez dira norbanakoaren ahulezia ordea, inguruak elikatzen ditu askotan.
Horien atzean dauden mekanismoei izena jarri zien Berit Ås-ek. Norvegiar psikologo sozial eta politikaria duela bi urte hil zen, eta utzi zizkigun ikusezinak diren horiek ikusgarri bihurtzeko bideak. Ingjald Nissenen ikerketa oinarri hartuta, 1970eko hamarkadaren amaieran sistematizatu eta mundu osora zabaldu zituen: menderatze teknikak. Bost dira, eta pertsona ikusezin bihurtzea (bere ekarpena ez dela existitzen egitea) da horietako bat. Bai, zuri gertatu zitzaizun bezala. Barregarri uztea ere menderatze bide gisa izendatu zuen: txantxak direla, tonua dela. Ez beti hitzez, komunikazioaren eragina alde anitzekoa baita. Informazioa ezkutatzea hirugarren teknika: erabakiak hartzea kafeen bueltan, afarian, korridoreetan...
Zigor bikoitzak (irmoa bazara, sorgina; atsegina bazara, ahula) osatzen zuen tekniken zerrenda, eta azkenik, erruztatzeak: kexatzen bazara, “ez duzu umorerik”.
Teknika horien indarra xehetasunean eta iraunkortasunean dago. Bakarka, ez dute ezer iradokitzen. Pantailari begiratzea ez da delitua. Txantxa bat ez da gerra. Kafean erabakitzea ez da konspirazioa. Baina errepikatuta, norbaiten jarduera-eremua txikiagotzen dute, eta norbait horrek ez daki zergatik. Izenik ez duena norberaren errua dela uste da.
Ås-en begirada ez zen soilik teorikoa izan. Psikologoak gazte zela egin zuen lehen ikerketa handitik, ikerketa eta politika praktikoa lotzen saiatu zen. Horregatik ikertu zuen emakumeen egoera eta askapena unibertsitatean, eta horregatik ibili zen, aldi berean, udalbatzatik Stortingeraino. Bere teoriak ez zuen laborategian geratu behar: eguneroko lan-giroetan erabiltzeko tresna izan nahi zuen.
Eta zer gertatzen da emakumeak ere botere-postuetan daudenean? Geroago aztertu izan da, emakume gehiago ardura-postuetan egonda, emakumeek beraiek botereaz egiten duten erabilerari ere aplikatzen zaizkiola teknikak. Alegia, teknikak ez direla generoaren ezaugarri, botere-posizioaren ezaugarri baizik. Ardura postuan zaudenean, zuk ez duzu horretarako asmorik behar. Ikusezin bihurtzeko, nahikoa da ez konturatzea.
Zer egin orduan? Lehenik, ikusgarri egin sumatu duguna. Bilkura batean norbaitek proposamen bat egiten badu, eta gero beste norbaitek errepikatzen badu, esan: “Hori Maiderrek aipatu zuen duela hogei minutu. Berarekin jarraituko dugu”. Esaldi bakar horrek balio du ekarpena bere jabeari itzultzeko, eta taldeari mezua emateko.
Bestetik, txantxen atalasea jaitsi. Barreak talde bat elkartzen du, edo bat kanporatzen. Zalantza baduzu, galdetu: zeinen kontura ari gara barre egiten? Eta ez itxaron norbait kexatzera: kexatzen dena, askotan, gero eta bakarrago geratzen da.
Horrez gain, informazio bideak irekita izan. Non hartzen dira benetako erabakiak? Bilkuran ala ondoren? Erabakiak formalki hartu ezin badira, behintzat azaldu non eta nola sortu ziren, eta nork parte hartu zuen.
Laugarrenik, doitasun bikoitza saihestu. Jokaera bera izan dutenei bati “indartsua” eta besteari “gogorra” deitzen badiogu, gure irizpideak berrikusteko garaia da. Eta, azkenik, errua norberarengan ez jarri. Norbait isiltzen denean, galdera ez da “zergatik ez du hitz egiten?”, “zer egin dugu guk hitz egitea zaila izan dadin?” baizik.
Horrek guztiak ardura postuetatik gaitasun jakinak eskatzen ditu: barne hausnarketa, entzute aktiboa eta, batez ere, zuzentzeko ausardia, norbera bada zuzendu behar dena. Ez da erraza. Baina talde bat ez da ona isilik dagoelako; ahotsak galtzen ez dituelako baizik.
Hasteko, bilkura honetan norbaitek ez badu ezer esan, galdetu dezagun zergatik.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta