Paraleloak infinitoan baino ez dira elkartzen

Azken berrogei urteotako enpresa-bilakaerak frogatu digu, beste ezerk baino gehiago, zein garrantzitsu suertatu den lankidetza publiko-pribatua. 1980eko hamarkadaren industria-birmoldaketaz lehenik, teknologia-esparruan gero, sektoreen berrikuntzan ondoren eta ingurumen-erronkari erantzun beharreko atakan, azkenik. Segurutik autonomiak erakarri zuen agintaritza politikoak ez zukeen abian jarritako estrategia hedatu ahal izango enpresek kementsu erantzun izan ez balute, baina egia ere bada, aldi berean, enpresa-munduak bidelagun guztiz aproposa aurkitu zuela Jaurlaritzaren aldetik, lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia ez baita alferrik izan batzuon eta besteon aho bateko aldarria.

Lankidetza pribatu-pribatuaren abantaila ez da, ordea, beste horrenbeste aipatu beharrik izan, nahiz Urkullu lehendakariak “auzolana” aldarrikatzeko joera sarri agertu eta, ezinbestean, filosofia hori klusterren barne-muinetan nabarmen asko sumatu. Aldea da, lankidetza publiko-pribatua berri samarra den artean gurean, pribatu-pribatuak hainbat mendetako tradizioa duela euskal enpresa-munduan.

Izan ere, hainbatek uste izan arren XIX. mende arte euskal gizartea “Garoa” edo “Kresala” baino ez zela izan, Esteban Garibairi (1553-1599) esker dakigu XVI. menderako bazela Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat haranetan industria-gizarte hiritar eta modernoa, europar merkatuetara lehiakor asko irekia. Ildo beretik, Julio Caro Barojak garai hartako penintsulako “homo faber” gisa bataiatu zuen euskalduna eta, nabarmen azpimarratu, Arrasateko kaleetan zehar jendeak jantzi ohi zuen “europar moda” edo emakume enpresarien esku hartzea, Gasteizen eta Valladoliden artean bere negozioak kudeatzen zituen Ana de Vergara “muger libre” zena, kasu. Bide beretik, Jose Antonio Azpiazuk dokumentatu ahal izan zuen, geroago, udalerrien mugen gainetik zein “tailer galanta” zen Debarro guztia non, metalurgia arloan, nazioartekoak ziren industria-ekoizpena, garraio-sistema eta merkatu-sarea.

Hartara, lankidetza pribatu-pribatuak bost mende dirau gurean eta publiko-pribatuak, ordea, autonomia-sistemak aukeran emandako azken lau hamarkada baino ez. Hala, tarteko gordelekuan legoke, berriz, Foru Diputazioen arteko lankidetza publiko-publikoa. Batetik, antzinakoak izan arren, ez dutelako elkarren arteko jardueretan lar tradiziorik; eta, bestetik, autonomiak erakar zitzakeen jardunbide berri bateratuak Jaurlaritzak xurgatu dituelako gehienbat.

Zail da, gero, auzolanaren estrategia sakonik aurkitzea foru diputazioen arteko harremanetan. Arrazoiz zein ez, gehiago sumatzen da lehia, lankidetza baino. Gehiago jarrera paraleloak, bidelagunen ispiritua baino. Bakoitza bere erara, doi-doi, zein bere muga eta eskuduntzetan barrena.

Besteak beste, Bat, Barik eta Mugi garraio-txartelak… Arabat, Bidegi eta Interbiak teleordainketaren onurak eta fakturak… zinema-ekoizpen eta ikuskizun-antolaketarako laguntzen edo pizgarri fiskalen baimenen eskaka elkarrekin Europako joan ez izana… lagin-botoiak besterik ez dira, elkarren hiritarrak gogoan izan gabe burututakoak.

Axularrek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa elkarrekin zerrendatu zituen “Gero” (Bordele, 1643) maisulanaren hitzaurrean. Lau mende geroago, auskalo zer ote diren hiruak baina ez, nonbait, auzokideak, paraleloan ari diren lerroak baizik. Teoriaz, noizbait eta nonbait elkartuko diren lankide publikoak bai, baina infinitoan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK