Bilbok eta Donostiak 2030eko gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketaren egoitza izateko hautagaitzek hautsak harrotu dituzte, eta gurean eztabaidarako mamia izan da azken aste hauetan. Bien bitartean, laster jarriko da martxan Estatu Batuetan, Mexikon eta Kanadan jokatuko den aurtengo txapelketa eta FIFAk aurreikuspen ekonomikoak aurkeztu ditu. Marka berealdikoa izango da: 11.000 milioi dolar inguruko diru-sarrerak espero dira. Baloia ez da oraindik batere mugitu, baina aldageletan hasi da ospakizun-festa.
Diru asko mugituko dela esateak ez du inor harrituko. FIFAk 80.000 milioi dolarretik gorako eragin ekonomikoa aurreikusten du mundu mailan, eta zuzenak eta zeharkakoak kontuan hartuta, 800.000 lanpostu sortuko omen dira. Jarraitzaileak milioiak izango dira, espektakulu globalik ikusiena izango delarik. Babesleek inoizko ikusgarritasun handiena lortuko dute, beraz, eta plataforma digitalek marka guztiak hautsiko dituzte trafikoari dagokionez.
Munduko Txapelketa negozio erraldoia da, eta hori nekez ukatuko du inork. Galdera beste bat da: norentzako negozioa da?
Saxo Bank erakundeak egindako kalkuluen arabera, txapelketak AEBetako BPGan %0,1eko inpaktua izango du, hamarren bat ozta-ozta. Planetako kirol-ekitaldirik handienak ia ez du arrastorik utziko munduko potentzia ekonomiko nagusiaren markagailuan. Oxford Economics etxeak, bere aldetik, ikertu ditu txapelketak anfitrioien etxean sortuko dituen onurak eta garbi adierazi du nagusiki ostalaritzan eta aisialdian metatuko direla, eta, beraz, munduko fokuak amatatutakoan marka iraunkorrik ez dela ia geldituko.
Kontraesankorra irudi lezake, baina badu azalpen argia: negozioa ez dago jada estadioetan, pantailetan baizik.
Lehengaiak ez dira partidak, ezta mukuru bete ohi ziren eserlekuak; orain, datuak dira, arreta, sareetan sortzen diren elkarrizketak elikatzen duen atentzioa eta klikak. Milioika lagunek pantailan begira, komentatzen eta partekatzen ematen duten denbora horixe da negozioaren erregaia. Ikus-entzunezko eskubideek lehen aldiz 4.000 milioi dolarren langa gaindituko dute, eta txapelketaren inguruan eratu den ekosistema digitalak ikuskizunak berak adina —edo gehiago— sortuko du.
Antolaketaren egitura berbera da: egoitza ofizialak, sailkatutako taldeak, futbola, hamaika beste hamaiken kontra, baina negozioa beste bat da. Horrek guztiak jokoaren arauak aldatu ditu, eta, ondorioz, emaitzak ere aldatu egiten dira.
Ikus-entzunezko eskubideetatik, babesletzatik eta plataforma digitaletatik datozen diru-sarrerak eragile global gutxi batzuen esku pilatzen dira. Kostuek, ordea, helbidea dute, posta-kode batekin lotuta daude. Segurtasuna hiriek ordaintzen dute. Garraioa administrazioek. Hiri-logistika, zerbitzu publikoak zabaltzea eta behar diren beste hamaika inbertsioetako asko erakunde jakinen eta herritarren bizkar geratzen dira. Ondorioa argia da: diru-sarrerak globalizatzen diren bitartean, gastuak lokalizatu egiten dira.
Eta testuinguru horretan, gurean eztabaida piztu da eta zinez interesgarria iruditzen zait.
Izan ere, kontua ez da futbolaren alde edo kontra izatea (hemen? Pentsaezina) edota zalantzan jartzea gure garaiko erritu kolektibo handienetako batean parte izateak balio handia ote duen. Interesgarria iruditzen zait eztabaida, oso gutxitan egiten dugun galdera dakarrelako: merezi al du edozein preziotan?
Ez dakit zein izango den erantzuna, baina galdera bera berrikuntza bat da.
Tradizionalki, gisa horretako ekitaldiak erakarri nahi zituzten herrialdeek eskaintzaren lehian jokatu behar zuten: azpiegitura gehiago, erraztasun gehiago, salbuespen gehiago, diru publiko gehiago. Horixe ei zen bidea. Orain bestelako logika bat agertzen hasi da, eta ez da hain ikusgarria, baina askoz helduagoa da. Zenbat eskaintzeko prest gauden galdetu beharrean, zer ez dugun emango galdetzen hasi gara.
Ez da munduko fokuak biltzeari uko egitea, foku horiek zertarako behar ditugun gogoratzea baizik. Horregatik diot interesatzen zaidala galera, futbola bera aise gainditzen duelako.
Galdera horietatik abiatuta, enpresa mundurako ere funtsezkoa den eztabaida batera iristen gara: nola neurtzen dugun aurrerapena, nork bereganatzen duen sortutako balioa eta nork hartzen dituen balio hori sortzeko behar diren arriskuak.
Inbertsioaren errentagarritasunaz hitz egiten dugu etengabe, eta askoz gutxiagotan haren kostu-aukeraz. Izan ere, inbertsio orok badu binperrean datzan galdera, gutxitan egiten dena: zer egiteari uzten diogu hau egiteagatik?
Txapelketak hasi bezala, amaitu egiten dira eta babesleak beste leku batera joan egiten dira argiak itzali orduko. Audientziak atzera begiratu gabe jauzi egiten du hurrengo ikuskizuna eskaintzen dion pantailara. Inbertsio-erabakiak, ordea, geratu egiten dira.
Fokuak itzaltzen direnean geratzen dena —zorra, azpiegitura bat edo, besterik gabe, hutsa— gurea izango da. Soilik geurea, onerako edo txarrerako.