Noizbait gertatu zaizue jakaren ertz bat, edo mauka, bildu bezala egiten dela, barruko forruak tira egiten diolako, eta forma galtzen duela? Amorrua eman izan dit gertatu zaidanetan, “zerbait ez dago bere lekuan” dioen egonezin modukoa. Ez naiz konpontzen saiatu izan, joskintzaz nekiena 0tik hurbilegi izaki. Laguntza eskatu bai. Lehen, amari. Bera zen nire konpontzailea (ere). Gero herriko beste jostun batzuei.
Egunotan josi dut nire lehen gabardina. Bere mauka, bere lepo, bere forruarekin. Lehena diot, segida izango balu bezala. Nork daki, nik oraindik ez. Duela urtebete norbaitek esango balit, ez nioke sinetsiko. Ala bai. Ordurako banekien Athora Mantarako Katalin Antxiak tailerra egiten zituela oinarrizko ezagutzarik gabeko pertsonentzat ere, norberak bere prenda sortzeko, josteko (berak diseinaturiko gabardina, kasu honetan). 15 orduko ikasketa prozesu trinkoa, eta geruza asko dituena.
Nire belaunaldiko beste asko bezala, emakume iraultzaile izateko nire moduak asko izan zuen aurrekoen eredua haustetik, feminitade hegemonikoarekin eta mandatu patriarkalekin zerikusia zuten gaitasunak errefusatzetik. Emakumeak etxean eta josten? Ba ez dut ikasiko. Eta espazio publikoak konkistatzearekin batera, pribatuak beste modura bizitzen ere saiatu gara. Baina galtzak hautsi dira, eta moldatu behar izan dira arropak, eta josi ere egin behar dugu. Gaitasun batzuk eta besteak jostea lanerako beharrezko izan dugun bezala.
Hiru egunotako ikasketa-ibilbidean akatsak egon dira, behin eta berriro. Esperotakoak eta espero gabeak. Ezerosotasuna izan dute lagun, su baxu eta altuko amorrua, ezinegon abaniko guztia. Deskoordinazioa, zerbait dioen buruaren eta beste zerbait egiten duten eskuen artean. Eta txiki hori handi ikusi nahi duten begientzat nahiko ez diren betaurrekoak, hausten diren hariek beren bidea berriz har dezaten. Joste-makina ezagutu baino, berarekin dantzatzen ikasi, bizikletan bezala. Kontrola berak baitu.
Zerk egin du posible 0tik jaka luze hau sortzea, gure eskuekin? Ikasketa ibilbidearen diseinuak, prozesua bidelagun izateko moduak, ordenak eta sorturiko testuinguruak, gutxienez. Katalinen talentua bere diseinatzaile maisutasuna erabat zabaltzea baino, guretzat prozesua diseinatzea izan da, egiten genuenaz konturatzen laguntzea, ikusten ari ez ginena ikusaraztea, ordenaren zergatia ulertaraztea, makina sentiaraztea, konfiantza izatea, gorputza zurruntzen diguten beldurrak sumarazi eta aritzen laguntzea.
Pauso bat atzera egitea izaten baita maiz zailena. Asko dakigunean, esperientzia handia dugunean, erraztasunez dihardugunean. Besteen bidea eta ikasketa elikatzeko ekintza eraginkorrenak horiek dira ordea, testuinguru eta prozesu egokiak diseinatzearekin batera. Ez baita soilik handik gabardinarekin ateratzea, norberak egitea baizik. Eta bai, autokonfiantzan zerbait kokatzen da, geure eskuetatik, geure gorputzetik sortua denean.
Eskuen bitartez gertatzen baita guztia. Gure garun-azaleko azalera handiena (lehen mailako kortex motor eta somatosentsorialean) eskuekin lotua da, gizakion eboluzio eta ikasketa arrasto horietatik doaz. Ez ditut egunotan (aurrez diseinatu eta mozturiko) oihal zatiak josi soilik. “Ez dakit” sostengatzen ikasi dut, buruari gidaritza kendu diot ordu batzuez, begirada erregulatzen trebatu naiz, eta “ahal dut” hori taldean dagoela berretsi.
Eta orain ulertzen zaitut sukaldeko mahai gainean orratz-zuloan haria ezin sartu, ama. Baztertzen nuen horren txatalak barruan josten hasita nago agian.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta