“Gaur egun hezkuntzak ez du jakintza transmititzen; zaharkitzeko arriskuan dagoen ezagutza transmititzen du”, dio Yuval Noah Hararik bere azken testuetan. Esaldia oso asaldagarria da, baina zein puntura arte da egia? Mendeetan, jakitea boterearen seinale izan da. Ezagutza urria zen, eta hezkuntza sistema publikoarekin batera banatu eta demokratizatu egin zen. Horregatik eraiki ditugu eskolak, unibertsitateak eta titulazioak: jakintza metatu, egituratu eta transmititzeko.
Zorionez edo zoritxarrez, ordea, gaur egun ezagutza eta informazioa ez da urria, gehiegizkoa akaso; eta status quo berri honetan, asko jakiteak jada ez gaitu asko bereizten. Gaur, makina batek segundo gutxitan egiten du hori, eta gehienon ezagutzarekin alderatuta, hobeto. Fenomeno horrek ez du soilik lan merkatuan eragina, gure identitatean ere bai: “ni naiz dakidan hori” logika ahultzen ari da. Medikuak, abokatuak edo ingeniariak beharrezkoak dira, baina ez da nahikoa horrekin; izan ere, ezagutza eskuragarri bihurtzen denean, balioa beste leku batera mugitzen da, eta pentsamenduaren lekualdaketa eta eboluzio bat eman beharra dugu.
Ethan Mollickek dio adimen artifiziala ez dela tresna bat gehiago, baizik eta pentsatzeko moduan eraldaketa bat probokatuko duen berrikuntza. Harariren hari beretik, Mollickek defendatzen du lehen balioa erantzunak edukitzean zegoela eta, orain, galdera egokiak egitean. Arazoak birformulatzean eta emaitzak epaitzean dago gakoa: makinek erantzunak sortzen dituzte eta gizakiari dagokio erabakitzea zeintzuk diren baliagarriak, irizpide propioz, noski. Paradoxikoki, erantzunen aroan, galderen garrantzia handitu egin da.
Ezagutzaren balio galtze egoera batean bagaude, urteetako esperientzia jada ez da berme automatiko bat. Sistema batek hilabete gutxitan barnera ditzake sektore bateko praktikak. Horrek ez du esperientzia baliogabetzen, baina bai mugatzen: balioa ez dago errepikapenean, baizik eta berritasunaren aurrean erabakiak hartzeko duzun gaitasunean. Eta gauza bera gertatzen da tituluekin, noski. Hauek egiaztapen estatikoak izan dira mundu dinamiko batean, eta gauzak hain azkar aldatzen eta eboluzionatzen ari diren honetan, zer ikasi duzun baino garrantzitsuagoa da ia-ia nola ikasten duzun eta nola egokitzen zaren egoera edo ezagutza berrietara.
Horrek guztiak hezkuntza sistema aldatzen du? Garbi dagoena da sistema hori mundu egonkor baterako diseinatua izan zela: curriculum estandarrak, erritmo homogeneoak, ibilbide linealak. Eredu hori gaur egungo dinamismoarekin talka egiten ari da nabarmen, eta distentsio horretan, posturak gerturatzen hasi beharko lirateke bi munduak.
Azken batean, eztabaida politiko eta kultural berri bat emango da. Meritua birdefinitzen ari da: urteetan gaitasun bat lantzea ala gaitasun hori sistema batekin batera eraginkortasunez erabiltzea da garrantzitsuagoa? Etorkizunean ezagutza ez da baliabide eskasa izango; elementu orientatzaile bat izango da, zeinak aukera infinituen aurrean zer egin eta zer aukeratu erabakitzen lagundu diezagukeen. Horretarako, jakitea ez da nahikoa izango, balioak eta norabidea aukeratzeko irizpidea ere beharko baitugu. Eta hori nola? Pentsatzeko eta ikasteko logika lekualdatu eta sistematizatu behar dugu pixkanaka.