Elkarte batek saldutako gehiegizko loteria partaidetzen harira dator galdera. Nor da erantzulea? Saltzailea? Elkartea? Elkartearen ordezkariak?
Izan enpresa, izan alderdi politiko, izan elkarte, 2010etik Espainiako Kode Penalak pertsona juridikoak delitu egile (eta beraz, erantzule) izateko tipoa sartzen du bere baitan. Beraz, pertsona juridikoak izan daitezke delitu egile.
Ez edozein delitu egile, ordea. Adibidez, Bizkaiko Lurralde auzitegiak joan zen martxoan emandako epai batek dioenez, enpresa batek ezin du jazarpen delitu bat egin. Bai, ostera, osotasun moralaren kontrako delitu bat; alegia, bai leporatu ahal zaio lan jazarpen delitua. Ezingo luke, adibidez, erailketa bat egin. Baina bai zerga delitu bat (ohikoenak pertsona juridikoak kondenatzen dituzten epaien artean), Gizarte Segurantzari iruzur delitu bat, kapitalen zuriketa, droga trafikoa edo iruzurra, baten batzuk aipatzeagatik.
2016ko azken lege aldaketaren ondoren, pertsona juridikoek penalki erantzun beharko dute:
- Bere izenean edo beraiek aginduta, eta beraien onurarako egindako delituengatik, beren lege-ordezkariek edo pertsona juridiko horren organoen kide diren pertsona fisikoek egindakoak.
- Elkarte edo sozietatearen jardueraren barruan egindako delituengatik, lege-ordezkarien edo ardura karguen menpekoek egindakoak, gorago daudenek ikuskaritza betebeharrak ez dituztenean behar bezala bete.
Pertsona juridikoa salbuetsita gera daiteke, oro har, frogatzen badu antolaketa eta kudeaketan beharrezko neurriak hartu zituela delitua ez egiteko, edo prebentzio ereduaren ikuskaritza eta betetzea erakunde autonomo bati eman bazitzaion, edota delitu egile indibidualek antolaketa eta prebentzio sistemak modu iruzurtian saihestu dituztela frogatutzat ematen bada.
Jaso ahal dituen zigorren artean isunak dira ohikoenak. Isunekin batera, epaitegiek ezar dezakete pertsona juridikoaren heriotza: itxiera, pertsona juridikoaren bukaera, jardueren etena, jarduerak egiteko debekua, dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitasuna…
Eta beti, erantzukizun penalaren eskutik, erantzukizun zibila, kalteak erreparatzeko obligazioa, delituak erasandakoei kalte-ordaina ordaintzeko obligazioa.
Nortasun juridikoko erakunde bat ez da ezer, ordea, ezin da aritu, bere baitan edo bera ordezkatuz lan egiten duten pertsona fisikoen jardunik barik. Pertsona fisikoak dira pertsona juridikoen besoak eta burua. Kode Penalak aurreikusten du aukera hori, eta erantzukizun pertsonala ezartzen du pertsona juridikoaren administratzaile moduan diharduen pertsona fisikoarentzat, nahiz eta pertsona fisiko horrek ez bete baldintza guztiak delituaren subjektu aktibotzat hartzeko.
Hortaz, auzibidez egongo litzateke aukera elkarte edo bertako zuzendaritzako kideek izan dezaketen erantzukizun penala zein zibila argitzeko. Kontua da herri batean elkarte batean borondatez dihardutenek sortutako arazoak konpontzeko biderik egokiena zuzenbide penala ote den, ala irtenbide eraginkorrago eta adiskidetsuago bat topa daitekeen adostasun eta kontsentsuaren bitartez.