Piper pote baten inguruan: ordaindu gabeko lana

Udazken hasierako irudi bat, oso lotua txikitan bizi izandakoari: gari inguruko lurralde bat, adobez eta harriz egindako eraikinak, sua danbolinean edo tximinipean, eta lagun talde bat baratzeko sasoikoa urte osorako prestatzen. Adibidez, piperrak erretzen. Piper gorri edo berdeak banastatan ekarri, erre, zuritu hatzamar puntek berotasun gehiago jasan ezin duten arte, lapikoetan jarri, hozten utzi, potetan sartu, poteak itxi eta Maria bainuan egosi. Hortxe urte osoan etxean jateko piperrak. Lagun talde ondo antolatua, asko familia berekoak, Ford katean lanean, guztiak eginbehar horretan kontzentratuta, tarteka iruzkin barregarriren bat. Egun osoko lana izan daiteke, goizean piperrak erre eta zuritu, arratsaldean ontziratu eta ontziak egosi. Bazkaltzeko tarte bat, beste lagun talde bat, aldi berean, lanera bildu direnentzako bazkaria gertatzen.

Herri askotan egiten dira oraindik horrelako lanak. Ordaina jakina da: etxerako piper pote goxo saldoa, ongi banatuta, hilabete batzuk iraun dezakena eta afari zaporetsu asko momentu batean konponduko dizkigutenak. Ez baitago, noski, diru-ordainik; lanaren ordaina norberarentzako produktua da.

Elkarte gastronomikoan kuadrillarentzako bazkaria edo afaria prestatzen ibiltzen den hori, herriko edozein talderentzako beti salda edo txorizo egosia gertatzeko prest dagoen hori, kirol lasterketen antolaketan urtero ibiltzen diren boluntario multzoa, elkartasunezko edozein kausatarako postu batean ordu batzuk emango dituen herritar saiatua, herrigintzako elkarteren batean bilera eta ekintzetan ordutxo batzuk ematen dituena, jaietako poteo jendetsuetan potea eraman eta tragoak eskatzeko gertu dagoen laguna, herri batean kultur emanaldi bat antolatu eta aurrera ateratzeko ahaleginak egiten dituen lagun taldea…

Lana (edo, mendebaldeko euskalkian, beharra) esaten dugunean inor gutxiri etortzen zaigu burura ordaindu bariko jarduera, baina egon badago horrelakorik. Besteentzako egiten diren lanak ordainik espero gabe, eta baita ere norberarentzat eta norbere ingururako egiten diren lanak: etxea garbitu, antolatu, ordenatu, otorduak antolatu eta prestatu —pentsatu nahi dut etxeko lanen karga modu berdintsuan banatuta etxeko kide guztien artean—.

Ordaindu bariko lanak lan ere badirelako, lan ofizialaren orduei eransten zaizkion lan tarteak, lan-karga dira eta kontutan eduki behar dira (eta baloratu) banako bakoitzak gizarte honi egiten dion ekarpena kontutan hartzeko orduan.

Eta erreparatu ordaindu bariko lanetan ez ditudala pertsonak zaintzeko lanak sartu. Hain berezi, hain orokor, hain beharrezko, ordain berezia merezi dutelako horiek. Eta neska gazteek ere esana dutelako: guk ez dugu zainduko.

Bitartean, mila, mila esker lana egin eta piper gorri erreak potean sartuta, gure etxean Nafarroako udazkena negu osoan izatea opari egin digun horri.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK