Pirinioen sortze berriak

Badirudi azkenaldian kezkatzen hasia duela jaiotza-tasaren kontuak, behintzat hala ekarri dute hedabide zenbaitek haien lerroburuetan: “Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotza-tasaren marrak beherantz jarraitzen du”, dio batek, “3.478 haur jaio dira 2023ko hirugarren hiruhilekoan”; eta beste batek: “Euskadi jaiotza-tasa txikiena duen Europako herrialdeen artean”. Bada, zer erranik ez, apenas jenderik bizi ez den eskualdeetan. Nafarroan, zoritxarrez, baditugu horietako eskualde huts eta despopulatu zenbait, Lizarraldea eta Pirinioak nabarmenenak, akaso. Entzutetsua izan da Lizarrako ospitaleko kasua, non langile falta izan zela eta, ama berrien atala behin-behinean itxi behar izan zuen Osasunbideak. Orain martxan dago berriro, eta astean erditze bat artatzen jarraituko dute ziurrenik, ez baita haur gehiago jaiotzen 2.070km2 dituen lur-eremu emankor horretan. 

Piriniotan, bestalde, eskuetako hatzekin zenbatzeko moduko jaiotzak ditugu urtero, eta hortaz, sortze bakotxa lau aldiz pozgarriagoa izaten da gure auzokideen artean, jaio berriek gure herrien biziraupena bermatzen dutelako, etorkizun labur batean bada ere. Bistan da urrun gaudela heriotza-tasa gailentzeko, urtero biztanleriaren %10 galtzen baitu Nafar Pirinioak, eta gure aitañik dioen gisan: “de aquí a poco ya no vamos a quedar ni viejos para morir en estos pueblos!”. Eta hala da, abiada batean xoaten ari zaizkigu paisaiaren parte ziren herriko pertsona zaharrak, egun batetik bestera karriketako eserlekuetan, neguan iguzkitan eta udan itzaletan, ttar-ttarrean zein egonean zeudenak desagertzen doaz; eta haiekin herriko paisaia ere aldatzen doa. 

Aurten anitx poztu gara Erronkaribarrean izanen diren sortzeen berri izan dugunean, azken urteetan baino gehiago: hamar! Burgin, Erronkarin, Izaban eta Urzainkin bina haur, eta Uztarrozen eta Garden bana, ez da marka makala! Dudarik gabe, Gobernuaren edozein plan, proiektu, neurri edota dirulaguntza baino garrantzitsuagoa da belaunaldi berriak etortzea gure herrietara. Askok aipatzen dugu alabaina etxebizitzaren arazoak eta espekulazioak eragin zuzena duela jaiotzetan, guraso izan nahi dutenek pozik haziko lituzketelako haurrak herrietan, baina hirian aukera eta erraztasun askoz gehiago topatzen dituzte, eta guti gara odisea horretan murgiltzeko apustua egiten dugunok, hautu konsziente bati jarraiki: gure arbasoen sorlekua gure seme-alabena ere izatea nahi dugu. Gure belaunaldiko gazte askori gure herrietan jaio eta hezitzeko aukera ebatzi ziguten, hiriaren modernitatea, aurrerapena eta aukeren izenean. Nostalgia kutsua leporatuko dit baten batek baino gehiagok agian, baina badu ere ekintza militantetik nonbait.

Gainera, amatasunean sartu berri naizen honetan, erran daiteke, areagotu egin zaidala sentsazio hori, zientoka kilometro baitaramatzat bizkarretan (baita autoko gurpiletan ere) haurdunaldian zehar emakumearen arreta zerbitzu publikoa jaso ahal izateko. CASSYR* gertuena Zangozan dugu, gure ibarretik 50km-tara, eta zenbaitetan, Iruñera bideratzen gaituzte (100km). Eskoziako Highlandsak eredu omen dira zerbitzu publikoak hiritik hain urrun den lurraldean bermatzeagatik, unibertsitateaz gain, ginekologia eta emagintza zerbitzuak dituztelako, besteak beste. Aurrekoan eskatu nion, hain zuzen, ene emaginari aste hartako bidaia ekiditearren (negu gorria baitzen, errepidea arriskutsua eta ni haurdun bezain borobil eta trakets), erditze ikastaro teorikoa bere kontsultan beharrean, ezinen genukeen bideo-deiaz egin; osasun etxeko wifiak ez zituela bideo-deiak onartzen erantzun zidan hark. Hori guti ez eta, foru lege batek debakatzen digu hiritik urrun bizi garenoi etxean erditzea, ospitale batetik “segurtasun distantzia” 30km ezarrita baitu. Tira, akaso bideo-deiaz edoskitzea ezin azaltzea baino ulergarriagoa bada neurria. 

Hala eta guztiz ere, herritar ororen eginahalak eginagatik, Piriniotan sortze berriak izanen dira aurten ere, munduko zokorik ederrena baita, eta txikitan amesten duzun leku horretan bizitzea posible baita. Guk biztanle berri bat ekarriko dugu laster Bortuetara, udaleko errolda ez da akaso anitx handituko baina ekarpena handia izanen delakoan nago. Bien bitartean, ene partez sarri artio erranen dizut, irakurle fin hori, fite itzuliko naiz Euskal Herriko zoko honen berri ematera. Segi bizkor!

CASSYR*: Nafarroan Osansubideak dituen emakumeen arreta zerbitzurako zentroak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK