Pirinioetako herri irratia kapitalismoaren 'ring'-ean

Ezagutuko duzue nolakoa den kebenko orografia malkartsua, bortuz, ibarrez eta arroilez osaturik; zeru zati txiki bat besterik ez dugu ikusten gure herrietatik. Ibaian behera xoan ahala, zeru zati hori handitzen doa eta ikusmira zabaldu. Eta azkenean, gure ibaiek Ebrorekin bat egiten dutenean, kantak dioen moduan, Erribera, Erribera, zure landen zabalera. Baina kebenko biztanleek ibaian behera eta gora ibiltzeaz gain, izan dugu, badugu eta izanen dugu beti premia beste ibarretako bizilagunekin harremanatzeko, guziok osatzen baitugu euskal Pirinioetako komunitatea. Eta eki-mende, mende-eki ibiltzea gurea da ere, orografiak horretarako anitx laguntzen ez digun arren.

Bada, Irati Irratiko Egun on Auñamendi irratsaioaren uhinek ere zaila dute Bortuetako herrietako etxe guztietaraino iristeko, Auñamendiko magalean denak, baina horren urrun. Hegoaldeko Pirinioetako herri irratia dugu Irati Irratia, duela 30 bat urte Aezkoa ibarrean sortu zena, eta emeki-emeki gainerako ibarretara zabaltzen xoan dena, zailtasunak zailtasun eta oztopoak oztopo. Aurtengo erronka euskararen Ekialdeko periferiaraino zabaltzea izan da, Erronkaribarreraino, hain zuzen. 20.000€ inguruko proiektua izan da, Erronkaribarko Batzordearen eta Nafarroako Gobernuaren artean aurre egin zaiona. Eta batzuk erranen dute: dirutza hori bazter honetan bizi garen lau katuk entzuteko besterik ez?

Ba bai jaun-andreok, kultura eta euskara ere badirelako herri hauetan bizi garenon eskubidea, Radio María edota Euskadi Gaztea anitx onki aditzen diren moduan Txamantxoiaren puntan! Telekomunikazioen eta operadoreen munduan murgildu behar izan garenez antenak eta errezeptoreak izartzeko, mafiaren ringean sartu behar izan gara nahigabe, oharkabe, eta partida hastapenetik galdua genuenaren sentsazioarekin egin dugu borroka. Enpresa publiko zein pribaturekin topatu eta oztopatu gara bidean.

Lehenbizikoak, Nafarroako Gobenuko Nasertic deiturikoak, kalitatezko zerbitzuak eta teknologiak bultzatzea du helburu eta herritarrentzako arreta sustatzen dutela diote haien webgunean. Irrigarria da hori irakurtzea, Pirinioetako irrati-proiektua sustatzeko modu bitxia izan baitute: Izabako repetidorean kebenko herriok dugun etxolako argindarra abisatu gabe moztu eta lekua bere egin dute, expropiatu ez ezik, kuotak ere ezarriz eta kontratupean ordainaraziz han instalatu nahi duen orori, bertako entitate publiko zein kanpoko operadore pribatu den ezberdindu gabe.

Gure udal eta elkarte txikiendako kostu jasanezinak dira Naserticekoak eta ringaren lehen asaltoan menderatuak izan gara: Telekomunikazioen  Operadoreen Mafia 1, Pirinioetako Euskal Kultur Komunitatea 0. Baina xakina da zenbait asalto izaten dituztela norgehiagokek eta luze joka daitekeela ringaren gainean. Etsipenean ez erortzean datza gakoa, kapitalismorik zital eta gordinena komunitate euskaldun, feminista, solidario eta baikorrarekin gaindi daitekeelako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK