Pirinioetako okupak

Uda hastapeneko artikuluan okupa elea ekarri nuen ene gogoetara, Pirinioetako herrietan alokatzeko etxe bila hilabeteak eman eta gero, hori izateko gogoa sartzen baitzaigu gazte askori hainbeste etxe hutsik ikustean. Bada, orain uda amaitu delarik, kontzeptu hori beste gisa batez erabili nahiko nuke; izan ere, bere esanahiari ongi erreparatuta —okupa: jenderik gabeko etxebizitza batean kokatzen den pertsona, jabearen baimenik gabe—, argi ikusten dut nor diren Pirinioetako benetako okupak! Lau astez etxe huts batean sartu, uda bertan pasa eta irailaren 1ean urte osorako giltzaz ixten dutenak. Hori izaten da Pirinioetako etxeetako okupa estandarra, gehien ematen dena. Baina badira etxe huts batean sartu beharrean, jendea bizi den etxe batean sartzen direnak ere. Eta guri hori bizitzea tokatzen zaigu urtero: Getxoko señorito batzuk uda Pirinioan goza dezaten, alokatzen diguten etxea utzi eta desertatu beharra dugu. Ijito-nomadak bezala, gurdia bizitzeko ezinbesteko diren gauzekin bete eta ibai ertzean ezartzea da gelditzen zaigun aukera. Udako gau izartsuenak eta ilargirik ikusgarrienak gure sabai gainekoak!

Eta agorrila existitu ez balitz bezala, herriko xeiak, karriketako eta plazetako giroa, ibaietako haurren hotsak, errepideetako autoen zaratak… amets baten parte izan balira lez, jaiki gara irailaren 1ean. Udako burrunbaren aurreko hilabeteetan bezala, ene ahotsak etxeetako horma eta murruen kontra jo eta haren oihartzuna da jasotzen dudan erantzun bakarra; Erronkariko karriketan egurrezko leihatilen kirrinkak eta isiltasuna dira nagusi, berriro. Gure etxeko okupek ere alde egin dute. Bere arrastorik ez, ohar bat besterik ez sukaldeko mahai gainean: “Itxita mantendu galdarako atea, seguridade kontu bat da”. Horiek haien esker oneko eta adio hitzak. Señoritoek haien neskame eta morroiak tratatzen zituzten gizatasun eta gertutasun beraz. Aio, datorren urtera artio!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK