Plaisir d'amour

2025eko azaroaren 14a
josu uriguen

Bai, adiskideok, “love is in the air”Leku guztietan eta baita lantokietan ere (adi Gabonetako lan afariei, non jendea erlaxatu egiten den...). Amodioak bere bideak dauzka eta ezin da mugatu. Ala bai? Enpresa batek mugatu al ditzake bere zuzendari eta enplegatuen arteko harreman sentimentalak? Non daude mugak?

 

Bereizi beharra dago lan-harremanen eta merkatartitza-harremanen artean.

  • Kontseilari delegatua / administratzailea: enpresarekin duen lotura merkataritzakoa da. Kasu horietan, portaerak edo egoerak mugatzen dituzten klausulak sar daitezke kontratuetan, baita erakundearen barruko harreman pertsonalei lotutakoak ere.
  • Langileak eta nagusiak: Espainiako Estatuan harremana lanekoa da, eta hemen legea argia da: ezin dira debekatu enplegatuen arteko harreman sentimentalak, nahiz eta haien artean hierarkia bat egon. Beraz lan-kontratu batean langile baten bizitza pertsonala edo sentimentala mugatu nahi duen edozein klausula deuseztzat joko da.

Hala ere, badago enpresek arautu dezaketen zerbait. Laneko maitasuna debekatuta ez dagoen arren, konpainiek zaindu behar dute harreman horiek ez diezaiotela lan-dinamikari kalterik egin. Horrek esan nahi du esku har dezaketela kasu hauetan:

 
  • Harreman batek faboritismoak edo gatazkak sortzen baditu taldean.
  • Jazarpen, botere-abusu edo mobbing egoerak eragiten baditu.
  • Lotura afektiboa hautsi eta lan-giroari eragiten dioten tentsioak sortzen badira.

Kasu horietan, enpresaburua behartuta dago lan-ingurune osasuntsua bermatzera, alderik ahulena babestuta eta egoerak jardueran izan dezakeen eragin negatiboa saihestuta. Hau da, lan arrisku prebentzioen ikuspuntutik, arrisku psikosozialak aztertu ondoren, neurriak hartu behar ditu.

Oraintsuko jurisprudentzian epaitegiek berretsi dute langilearen bizitza pribatua enpresaren diziplina-ahalmenetik kanpo geratzen dela, lan-harremanarekin lotura zuzena eta garrantzitsua dagoenean izan ezik.

Adibide paradigmatiko bat: deuseztzat jotzea zuzendari baten kaleratzea, haren benetako arrazoia mendeko batekin zuen harreman sentimentala baitzen. Auzitegiak intimitaterako oinarrizko eskubidean bidegabeko esku-hartzea gertatu zela ebatzi zuen, eta gogorarazi zuen harreman pribatu bat ez dagoela legez debekatuta, eta lan-jardunari objektiboki eragiten badio soilik zigortu daitekeela (interes-gatazkak, faboritismoak...).

Bestalde, Auzitegi Gorenak etengabeko doktrina mantendu du langilearen "eremu pertsonalari" buruz: lan-denboratik eta lantokitik kanpo gertatutakoak lan-harremanean benetako eragina badute bakarrik zigortu daitezkeela.

Hau da, langilearen intimitatea eta bizitza pribatua errespetatzea muga gaindiezina da enpresaren diziplina-ahalmenetarako.

Beraz Langile Amoranteok, gozatu unea, “Collige, virgo, rosas” eta Zuzendariok ez ukatu maitasuna, baina, nagusi zareten aldetik, ez ahaztu zuen erantzunkizunak. Poesia eta prosa, biak uztartu behar.