Bilera batean enpresaren plangintza estrategikoa egin behar dela aipatzen denean, aurpegiak aldatzen dira. Batzuetan asperdura aurpegiak ageri dira, beste batzuetan eszeptizismoa, eta gehienetan zalantza: Zertarako? Zertan lagunduko digu? Eta hurrengo galdera... nola egingo dugu?
Plan estrategikoari heltzerakoan, maiz bi aukera azaltzen dira: bata, betiko bidea —aurreko planaren errepikapena, izenburua aldatuta—; eta bestea, ausarta: parte-hartzeko aukerari ateak irekitzea. Baina hor hasi ohi dira beldurrak: estrategia parte-hartzailea izatekotan arazoak sortu daitezke… zer gertatuko da langileek prozesuan beste gai batzuk ateratzen badituzte? Edo gatazka zaharren bat berpizten bada? Pesimista jartzekotan, zure buruan bilera amaigabeak irudikatuko dituzu, emaitza abstraktuak, eztabaida zantzuak. Askotan, horregatik erabakitzen da "meloi" hori ez zabaltzea. Erabakia atzeratzea. Prokrastinazioa. “Beno… datorren urtean ekingo diogu… aurten behintzat ez”.
Ez-erabakitze horrek ondorioak ditu. Maparik gabe edo inertziaren korronteak bultzatuta itsasoan barrena ibiltzean oso erraza da noraezean nabigatzea.
Erronka horri heltzeko, nire ustez, kontua ez da plangintza estrategikoa egin ala ez egin. Nola egin, hor dago koska. Parte-hartzeak ez du zertan kaosa ekarri behar. Plan estrategikoa ez delako soilik tresna bat: aukera bat ere bada. Mapa bat marraztea da. Erakundearen balioak indartzeko, barne-motibazioa pizteko, imajinazioa martxan jartzeko. Baina baldintza batekin: erakundeak prozesua bere egin behar du.
Zeren bestela, kanpoko norbaitek esango balizue zer egin, nola egin, ilusiorik gabe gauzatuko zenukete. Eta ilusiorik gabe ez dago eraldaketarik.
Ohiko beste zalantza bat: plana parte-hartzailea izan behar da, baina zein neurritan? Bada, hor ere oreka egokia topatu behar da. Erakundearen buruek norantz jo nahi duten baldin badakite, planak ez badu ekarpenik onartzen, orduan norabidea gutxi batzuen artean definitu behar dute. Ikuspegi ezberdinak kontutan hartuko ez badira, hobe ez galdetzea.
Baina, hara, bigarren fase batean, "nola" gauzatu behar den partekatu dezakete talde osoarekin. Prozesua zabaldu. Horrela, egiteko modua taldeak bereganatuko du. Ikuspegi ezberdinekin plana aberastu eta elikatuko baita.
Eta horrek zer abantaila du, bada? Taldeak bere egiteko modua islatzen badu, gerora motibazio handiagoa izango du, talde osoaren proiektua dela sentitzen duelako. Horrek eguneroko lanean eragiten du. Beharrari zentzua ematen dio.
Askotan gertatzen baita erakunde batek noranzko bat izatea, baina langileriak ez jakitea, ez daukalako ez maparik eta ez iparrorratzik! Mapa bat ez da errealitatea, baina egunerokotasunean erabakiak hartzen laguntzen du.
Horregatik, funtsezkoa da kanpoko norbaitek prozesua erraztea, dinamizatzea. Barruan dagoen liderrak baditu milaka aurreiritzi, eta parte-hartzaileek liderrarekiko beste hainbeste. Dinamizatzaileak ikuspegi neutroa du, helbururantz doa, baina ez du emaitzarik ezartzen: metodologikoki ahalbidetzen du taldea noraino eta nola iritsiko den bere ondorioetara. Ondorio horiek zeintzuk diren jakin gabe, baina marko zehatz baten barruan.
Erraztutako prozesu batek ez du, baina, parte-hartzea hitzetan soilik utzi behar. Beste hizkuntza batzuk ere baliatu behar ditu: bisualak, metaforikoak. Askotan, ideia handiak ez direlako hitzetatik sortzen, baizik eta irudietatik abiatzen dira. Eta hor, parte-hartzaile bakoitzak bere lekua aurkitzen du. Bestela, esaldi luzeetan oinarritutako bilera amaigabeak biziko dituzu, amesgaiztoak egi bihurtuta.
Beraz, bai: plan estrategikoa meloi bat da. Baina bada garaia beldurrik gabe irekitzeko. Enpresaren etorkizunerantz itsasoratzean, elkarrekin partekatzeko erraza den elikagai freskagarri eta goxoa ere izan daitekelako.