Inauterien sasoia poliki-poliki igarotzen ari zaigu dagoeneko. Aro zirraragarria izaten da. Oraindik hotz egiten duen arren udaberriaren promesa dakar, jolasteko aukera ematen digu, ez garenaz mozorrotzen gara, umorea zorrozten dugu inguruko egiak kontatu eta kantatzeko… Maite ditut han eta hemengo herri inauteriak, behetik egiten direnak.
Oscar García Jurado ekonomilariarekin partekatzen dut inauteriek eta bestelako espresio kulturalek ekonomia ulertzeko eta azaltzeko duten argitasunarekiko miresmena. Hark bidali zizkidan Cadizko kaleko txirigoten, ilegalen, ekonomia esokla kantatuak. “Apropiazio kulturala zera da: nautiko estiloko oinetakoak janztea yaterik izan gabe”, esaten zuten Aironekoek 2019an.
Baina aizue, ez da txistea. Paradoxa hau behin eta berriro errepikatzen ari dela iruditzen zait. Nolabait langile klasekoa ez den jendea purrustaka aritzen da langile klasearenak diren arazoak bereak balitu bezala.
Energiaren sektoreko enpresek eta banketxeek errekorrak hautsi dituzte haien mozkinekin. Eta hala ere, negar eta helegite. Desabantailan jartzen omen ditu zergak. Nahiz eta uste zutena baino gehiago irabazi (eta asko espero zuten). Nahiz eta zergaren ostean ere sekulako irabaziak izaten jarraitu, inauteriak baliatuz biktimaz mozorrotu zaizkigu. Nahiz eta burtsako kotizazioetan munduko bigarrenak izan. Nahiz eta aurreikuspen guztiek hazten jarraituko dutela esan, negarrez eta marraskaz ditugu etxean hotzez egon beharko balute bezala. Edo haginetako mina izan arren “hilabete honetan ez, ea hurrengoan joan naitekeen dentistarenera” pentsatuko balute bezala.
Pobrezia arriskuan dauden pertsonen kopuruak gora eta gora egin du, nahiz eta langabezia-tasak azken hamarkadako baxuenak izan. Horrek ez badigu alarmarik pizten, arazo larri bat dugu gizarte gisa. Mozkinak dituzten enpresak eta sektore osoak egonik, langabeziak behera egiten duen aldi berean pobreziak gora egiten badu, ez da mina duena negarrez ari. Norbait gure minen apropiazio kulturala egiten ari da.
Hori bai, pobreak baina nautikodunak gara behe-laino artean. Errealitatean modu esanguratsuan gutxi batzuek ordaindu beharko lituzketen zergekin asaldatuta bizi gara: ondarea, oinordetza, sozietateen zergak, ezohiko mozkinen gaineko zergak… Nahiz eta ez garen zergaren alde horretan sekula egongo.
Are, gutako gehienok ordaindutako mozkin eta aberastasunen gaineko zergak izanik ere, gure lanetik elikatutako besteen irabaziak izanik ere, ene! Ze lapurreta zerga horiena! Eta gure-gureak ditugun minen negarrak isilik egiten ditugu; lotsaz, pobre izatea erabaki eta gaitasun indibidualen emaitza balitz bezala. Batzuen pobreziak beste batzuen mozkinekin zerikusirik ez balu bezala, gureak ez diren erruen jabe egin gara.