Poltsak

Ekonomiaz diharduten egunkaria izanik, burtsari buruz idatzi beharko nukeen, agian, baina gaur poltsak ekarri nahi ditut hizpidera, eguneroko objekturik sinpleena eta aldi berean, erabiliena; horregatik, apika, nolakoak garen hobekien islatzen duenetako bat ere bada.

Gure etxean sukaldeko atearen atzean esekitzen zen erosketak egitera joateko poltsa. Singularrean, poltsa bakarra erabiltzen baikenuen beheko dendara joan behar zen aldiro. Bertan sartzen genuen ogia (beti berbera zena), kristalezko esne-botilak edo egun horretarako behar zena. Harategikoa eta arrandegikoa paperez estali eta barrura, eta gainerako guztia, nahas-mahasean. Gogoratzen dudanetik, poltsa hura ez zen bereziki erosoa, baina gogorra izango zen, hori seguru, amari galdetu baitiot zenbatero berritzen ote genuen, eta erantzun baitit berak ez duela gogoratzen sekula bat baino gehiago izan dugunik. Poltsa, singularrean, belaunez belaun irauteko sortua.

Plastikozkoak etorri ziren ondoren, zernahitarakoak. Sagarrak eta letxuga poltsa banatan, eta gero beste poltsa bat, aurrekoak bakar baten eramateko. Eta bat-batean, sukaldeko atearen atzeko poltsa zaharra biltontzi bilakatu zen, plastikozko poltsez bete zen lepo, tolestatzen asmatzen ez ditugun poltsa zuri hauskorrez, erabili eta ia-ia bota beharrekoez.

Berehala ohartu ginen hori ez zela jasangarria eta atzera, erosketak egiteko poltsa, singularrean, hartu genuen ohitura, oraingoan oihalezkoa, hondakinik ez duelako sortzen, eta serigrafia ederrari esker balio duelako munduari erakusteko jende (edo marka) arduratsuak garela. Erosketak egiteko telazko poltsen barruan sartzen ditugu orain paperezkoak, zuntz birziklagarriez egindakoak, paperezkoak eta baita plastikozkoak ere, sarritan sukaldeko atea guztiz irekitzea ia ezinezko egin arte.

Konturatu orduko, etxea mezu ideologikoz, kulturalez, sozialez, edo propaganda hutsez bete dugu, noizbait gure identitate kontsumistaren erakusketa bat egiteko asmoa bagenu bezala. Gure etxean zenbat ditugun ez dizuet aitortuko, kopuru zeharo lotsagarria baita.

Erresuma Batuko Ingurumenaren Agentziak emandako datuen arabera, 54 urtez erabili behar dira 'tote bag' horietako bakoitza bere ekoizpenaren eragin ekologikoa orekatzeko. Poltsak objektu bat baino, energiaren pareko kontzeptuak baitira: ez dira sekula deuseztatzen, eraldatu egiten dira.

Halaber, gure kontsumo-kultura neurrigabea islatzen duen ispilua ere badira: arazoetarako irtenbide berriak bilatzen ditugu etsi-etsian, aspaldi zentzuzkoak zirela frogatu zuten aukerei erreparatu gabe. Gure belaunaldi hau harroputz samarra da. Tira, telazko poltsa baten jartzeko moduko esaldia izan daiteke hori.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK