Populismoak dantzan

Azken asteetan emandako bi hauteskunde prozesuek hankaz gora jarri dute Herbeheretako eta Argentinako eszenatoki politikoa, hurrengo urtetako patuaren norabidea finkatuz. Bietan eskuineko aukera populistek irabazi dute, ordura arte sistematik at zeuden indarrak garaile atera direlarik. Biak askatasunaren izenean, askatasuna hitza baitute bere izenburutan bai Geert Wildersen alderdiak eta Javier Mileiren hautagaitzak. Baina zer gehiago daukate amankomunean Wildersen PVVa eta Mileiren La Libertad Avanza plataformak? Bere proposamenen sinplekotasuna: arazo zail, konplexuen aurrean planteatzen dituzten soluzio azkarrak eta unibokoak. Bere esanetan, agindutako neurrien aplikazio kirurgikoak, herrialdeen arazoak behin betirako akabatuko ditu. Populismoaren ezaugarri bereizgarri baten aurrean gaude: arazoen diagnostikoa sinplea eta argia da (krisiaren errua atzerritarrena da, Herbehereen kasuan; estatuarena, Argentinan) eta, horren ondorioz, ebazpena neurri zuzentzaile argi eta guztiz ahaltsuaren eskutik etorriko da.

Has gaitezen hurbilen dugun herrialdetik. Azaroaren 22an Herbeheretan eman ziren hauteskundeetan, Wildersen eskuinmuturreko PVV alderdia atera zen garaile, parlamentuko 150 eserlekuetatik 37 irabaziz. Hala ere, ez dirudi gehiengo horrek gobernua eratzeko aukerarik emango dionik, herrialde horretan hain arruntak diren koalizioak osatzeko partaide nahikorik ez omen duelako izango, nahiz eta zilegitasun demokratiko eskasa zuten eskuinmuturreko alderdien inguruan beste alderdiek ezartzen zuten babes gerrikoak jada ez funtzionatu. Hauteskunde kanpaina honetan gai nagusiak immigrazioa eta etxebizitza izan dira. Wildersen alderdiak bi arazo horien inguruan sortutako kausalidadeak arrakasta handia izan du hautesleen artean: kanpotarren sarrera fluxua moztu dezagun (hango unibertsitateetan masterrak eta doktoretzak egiten dituzten atzerritar ikasleena barne), eta herbeheretar zintzo guztientzat etxebizitza nahiko izango ditugu. Neurri bakarrarekin, bi arazo konpondu.

Argentinan, Javier Milei ekonomialari libertarioak bozen %55 baino gehiago hartu zituen hauteskundeen bigarren bueltan. Argentinaren krisi amaiezinarekin bukatzeko gutxieneko estatua defendatzen du, enpresa publikoen pribatizazioarekin eta ekonomiaren dolarizazioarekin batera. Bere lehen neurriak jakin izan dira: gaur egungo 18 ministeritzatik zortzira pasako da gobernukideen kopurua eta Aerolineas Argentinasen jabegoa langileei eskaini die, adibidez. Dolarizazioak Argentinako Banku Zentralaren funtzioen hustuketa ekarriko luke, eta herrialdea moneta politiko propiorik gabe geratuko litzateke. Gutxieneko estatu horrek gastu publiko ñiminoa izango luke, eta zerga bilketa baliokidea. Milei eta bere partaideen esanetan, estatu ustel baten desagerpenak hazkundearen indarrak askatuko ditu eta Argentina berriro handia izango da.

Oraindik ez dakigu zer gertatuko den, baina ez da zaila konturatzea bi planteamenduek gaur egungo errealitatearen konplexutasuna ukatzen dutela. Donella Meadowsek bere Thinking in Systems liburuan ondo azaltzen duen bezala, XXI. mendeko gizartean eta ekonomian parte hartzen dute eragileak eta aldagaiak elkar konektatuta daude, eta elkar elikatzen dute, begizta positibo eta negatiboen bitartez. Zein eragin edukiko du herbehetar enpresetan langileen inmigrazioa oztopatzeak? Zenbat enpresa berri ez dira sortuko masterreko ikasle atzerritarrak beren sarrera oztopatua ikusten dutelako? Zein ondorio edukiko ditu dolar indartsu batek Argentinako esportazioengan? Zer gertatuko da argentinar enpresetan bertako produktibitatea ez bada hazten Estatu Batuetako enpresena bezainbeste?

Konplexutasunak ez ditu erantzun sinpleak gustuko. Konplexutasunak bi pauso aurrera emateko askotan pauso bat atzera ematera behartzen gaitu. Windesheimeko unibertsitateko irakaslea den Maria Garcia nire lagunak dioen bezala, errealitatearekin dantza egiten ikasi behar dugu, ziurgabetasunari eta konplexutasunari aurre egiteko. Ez dut uste Mileiri eta Wildersi dantza egitea gustatzen zaienik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK