Porlana, altzairua, plastikoa eta amoniakoa

Urtero, nire bigarren ikasturteko unibertsitate ikasleei gure zibilizazioaren funtzionamendua bermatzeko beharrezkoak diren jarduera ekonomikoak identifikatzea eskatzen diet. Orokorrean, ez dute denbora asko behar ariketa gauzatzeko: berehala, elikagaien ekoizpena, energia eta garraioa izendatzen dituzte. Beste maila batean, baina aurrekoengandik hurbil, finantzen eta telekomunikabideen pisua nabarmentzen dute. Konklusioa argia izaten da: gazteek segituan ulertzen dute zeintzuk diren gure ekonomiaren (eta gizartearen) egunerokotasunean sektore garrantzitsuenak. Gure sistema ekonomiko honen oinarri materialen inguruan galdetzen dudanean, erantzuna ere ia bat-batekoa da: petrolioa da produktu nagusia. Petrolioa, gure ekonomiaren zainak zeharkatzen dituen odol beltza. Baina gure zibilizazioa zama ez du bakarrik urre beltz eta likatsu honek eramaten. Vaclav Smilek, txekiar jatorriko dibulgatzaile kanadiarrak, bere azken liburuan How the world really works. A scientist’s guide to our past, present and future aipatzen duen bezala, lau dira gizarte eta ekonomia garaikidearen eraikuntza eusten duten materialak: porlana, altzairua, plastikoak eta amoniakoa.

2019. urtean, munduan ekoiztu ziren 4.500 miloi tona porlan, 1.800 miloi tona altzairu, 370 miloi tona plastiko eta 150 miloi tona amoniako. Zorabio sortzen duten kopuruak. Lau material horiek azaltzen dute, neurri handi batean, azken 150 urteetan gizarte modernoak jasandako eraldaketak. Porlana, adibidez, hormigoiaren derrigorrezko osagaia da, eta hori da munduan gehien erabiltzen den materiala, hamarkadak iraun dezakeena, bereziki altzairuarekin konbinatzen badugu. Hormigoiak hirien hedapena ahalbidetu du munduan zehar, eta horrekin batera altxa diren hainbat errepide, autobide, zubi, itsas portu, aireportu, urtegi eta mota guztietako azpiegiturak.

Altzairua, bere aldetik, gure bizimodurako beharrezkoak diren osagai anitzen parte da. Eraikuntzaz gain, altzairuzko tresnek egin dute erabiltzen dugun ia produktu gehienen erauzketa, prozesaketa, akabera eta banaketa. Plastikoak ere nonahi aurkitzen ditugu, baina osasun zerbitzuetan duten presentzia ezinbestekoa da: ospitaletako produktu guztien laurden bat polibinilo kloruroz (PVC ospetsuaz) eginda dago. Hala ere, Smilentzat, produkturik garrantzitsuena amoniakoa da: munduko populazioaren %50aren elikadura amoniakoaren sintesiaren bitartez sortutako ongarri nitrogenatuen menpe dago. Herrialde garatuetako dieta munduan zehar nagusituko balitz, ehuneko hori askoz ere handiagoa izango litzateke.

Plastikoaren kasuan izan ezik, material horiek bere ekoizpenerako behar dituzten lehengaiak (kareharria, burdina, nitrogenoa) ugariak dira, baina bere ekoizpena energian intentsiboa da. Horretarako behar dituzten errekin fosilek munduko lehen energiaren %17 suposatzen dute, eta ekoizpenak CO2 isurketen %25aren erantzukizuna du. Nahiz eta eraginkortasunean aurrerapauso handiak eman, energia kontsumo hori geroz eta handiagoa izango da hurrengo hamarkadetan, garapen bidean dauden herrialdeek Txinaren pausoak jarraitzen badituzte. Porlana lekuko: 2018-2019 urteetan Txinak ekoiztutako porlanak (4.400 miloi tona) ia berdindu egin zuen Estatu Batuek XX. mendean ekoiztutako guztia (4.560 miloi tona). India, Nigeria edo Etiopia bezalako herrialdeen ekarpena kontsumo horretan hazi egingo da epe motz eta ertainean. Eta Smilek dioen bezala, miloi tonatan neurtzen diren eskaletan aldaketan gauzatzea zeharo konplikatua da. Bereziki, funtsezko ondasunen ekoizpena jokoan dagoenean.

Gizarte digitalean bizi garela diote batzuk, baina mundua materiala da. Eta materiala izaten jarraituko du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK