Poza jokoan

Argiak, abestiak garai honetako postreak bezain azukretsu, publizitatea… 360 gradu Gabonez inguratuta gaude. Lanean hasi nintzen arte ez nuen benetan ezagutu sasoi honi gehitzen zaion beste errituala: loteriarena.

Urte osoan zehar loteria eta sari ezberdinen makineria martxan badago ere, Gabonetan halako kutsu kolektibo bat hartzen du. Guretzako, amarentzako, aitaginarrebarentzako erosten dugu. Kanpora goazenean erosten dugu “badaezpada bisitan hona etorri eta hemen tokatuko balitz…”. Baina bereziki lantokian erosten dugu. Lanean hasi nintzen lehen urtean galdetu zidaten ea zergatik ez nuen erosten. Han egokituko balitz ni izango omen nintzen irabaziko ez zuen bakarra. Niretzako erantzunik bistakoena zen estatistika gehiegi ikasarazi zidatela halakoetan inolako federik izateko, baina hori baino haratago doa.

Loteria ausazko joko bat da, apustu mota zuritu eta normalizatu bat, familiako kutsua eta ingurukoekin dezimoak partekatzearen mistika eman arren. Gure etxean, beste hainbatetan bezala, bere idiosinkrasia propioa izan du. Gogoan ditut amaren eta amonaren karterak, dezimoen ertz gastatuek gainezka egiten zutela. (Batek daki zergatik lotzen dudan loteria etxeko emakumeekin, horrek ere izango du bere irakurketa). Abenduaren 22an elkarri egindako deiak: “oraingoan ez diogu pobre izateari utziko”. “Lanean jarraitu beharko dugu beste urtebetez”.

Saria egokitu zaien pertsonen iruditik edaten dugu posible den beste errealitate baten imaginario oso bat: txanpaina, ospakizuna, poz partekatua. Baina poz horren itxaropenetik ez dugu denok berdin edaten. Bizi eta lan baldintzak apur bat (edo oso) jasangaitz, arnasezin egiten zaizkien estratu sozialetako pertsonak elikatzen dira eldarnio horretatik. Eta loteriaren zifrak ere, proportzio berean, dagoeneko gutxi duten horien iheserako nahitik loditzen dira. Nahi eta ezin batetik datorren zerga erregresibo bat da, polboroi usaina ekarri arren.

Ez dut loteriarekin aberastu den inor ezagutzen. Asko jota “ahoko zera hori konpondu” eta behingoz dentistarenera joan ahal izan direnak bai. Edo hipotekaren zatitxo bat aldez aurretik ordaindu ahal izan dutenak. Edo kalanbrea ematen zuen etxeko sistema elektrikoa konpondu dutenak. Horiek bai. Poz pirrikoak. Langile klasearen pozak. Gabon gau baterako Ken Loachen film baterako ametsak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK