Presazko hazkundearen ondorioak

Kontratatze-prozesuekin tematuta nabil. Azkenaldian bat edo beste egitea tokatu zait eta ondorio batera iritsi naiz: enpresaren hazkundearen arrakastaren %70 baino gehiago izan liteke hasierako prozesu hau. Zenbateraino da garrantzitsua ondo kontratatzea? Eta gure enpresa lan egiteko leku sexy bilakatzea talentua geureganatzeko?

Qualtricsen kasua ekarri nahi nuke gaurko zutabera. Qualtrics-ek egunotan bere lan-taldea %14an inguru murriztea erabaki duela adierazi du, kostuak murrizteko eta bere antolaketa berregituratzeko helburuarekin, haien hitzetan. Aitzitik, enpresaren buruzagien hitzetan, berregituraren arrazoi nagusia enpresaren hazkundean “azkarregi egin ziren” kontratazio batzuk zuzendu behar direla adierazi dute eta kontratazioak eta hazkundeak sortutako barne-konplexutasuna garbitzeko momentua dela argitu.

Egoitza Seattlen duen software enpresa 5.500 langile izatera iritsi da hazkunde-prozesu honetan, baina Zig-Serafinek - Qualtrics-eko zuzendari exekutiboak - aurreko astean langileei zuzendutako barne-mezuaren arabera 780 langile kaleratuko ditu hurrengo asteetan. "Kontratazio azkarra funtsezkoa izan zen gure hazkundea ahalbidetzeko, baina konplexutasun bat ere sortu zuen, gure eskalan etengabeko hazkundea ekiditea” Serafinen hitzetan. Labur esanda, antolaketa-egiturek, lan-prozesuek eta lehen erabakiak hartzeko moduek ez diete funtzionatzen, freskotasuna galdu dute eta asko fiskalizatu dira erabakitze-prozesu guztiak. Gainera, kaleratzeez gain, ehunka rol eraldatu eta lekualdatuko dituela adierazi zuen barne-mezu honetan.

Qualtrics ez da kasu bakartua izan. Aurreko zutabeetan aurreratu dugun bezala, teknologiko handienetan kaleraketa asko izan dira azken hilabeteotan. Milaka pertsona kaleratu dira Twitter —oraingo X— Metan, Googlen, etab. Kasu batzuetan inbertsio-merkatuaren lehortzeak eraginda, beste batzuen kasuan pandemiarengatik, eta azken kasu honetan, gaizki kontratatzearen ondorioz izan dela esan liteke.

Enpresa baten hazkunde-faseetan behar bezala eta presarik gabe kontratatzeak duen garrantzia ezin da gutxietsi. Talentua hautatzeko prozesu hori erabakigarria da enpresak epe luzera arrakasta izan dezan, eta ondorio nabarmenak ditu haren kulturan, produktibitatean eta finantza-emaitzetan. Qualtrics-i pasa zaionaren antzeko zerbait pasa zaio HR softwarea garatzen duen Factorial enpresari produktu-garapen taldean. Enpresaren balioak eta ikuspegia partekatzen dituzten pertsonak txikitik kontratatzeak kohesioa eta nortasun kulturala indartzen ditu antolakuntza batean, baina fitxaketak goi-karguko postuetan egiten hasten direnean, hauk dakartzaten bisio eta bizio guztiak txertatzen dira enpresan eta honek desajuste asko - goitik hasi eta beheko postuetaraino - ekar ditzake. Gainera, presaka kontratatzeak egungo kulturara ongi egokitzen ez diren pertsonak sartzea ekar dezake, eta horrek tentsioak eta gatazkak sor ditzake.

Laburbilduz, enpresa baten hazkunde-faseetan arreta handiz eta estrategikoki kontratatzea funtsezkoa da kultura positiboari eusteko, produktibitatea bultzatzeko, kalitatezko talentua erakartzeko, kostuak murrizteko eta epe luzeko arrakasta bermatzeko.

Kontratazio-prozesuan presaka aritu beharrean, enpresek denbora eta baliabideak inbertitu behar dituzte beren helburuak lortzen nabarmen lagun dezaketen pertsona egokiak identifikatzeko. Ez dezala hazteko presak irabazi eta jarri momentuan jarri beharreko mimo eta interes guztia kontratazioan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK