Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Prest zaudenean

2024eko abenduaren 16a
Eg. 2024eko abenduaren 16a
xabi murua 2022

Kaixo lagun,

 

Urtea amaitzera doan honetan, bista atzera bota eta egindakoak baloratzeko momentua iristen da. Nolakoa izan duzu urtea? Lana ondo doakizu? Zailtasunik? Data hauetan ere, gure bizitzako aspektu ezberdinak errepasatu, baloratu eta erabakiak hartzeko momentua izaten da. Ondo doazenean indartu, baina okertzen direnean aldatu. Ziur gutariko askoren proiektu eta ekimenak urte amaierako hausnarketa hauetakoren batetik atera izan direla, baina asko dira ideia, aldaketa edo aukera garbi bat ikusi eta pausua ematera animatu ez direnak. Doakiela gaurko mezua hauei guztiei!

Lehenik eta behin, utz iezadazu esaten askotan ahazten dugun zerbait: inor ez da ekintzaile izateko prest jaiotzen. Gainera, ez dago inongo prestakuntzarik, zer eta nola egin behar den azalduko dizun gururik. Jakizula ez dagoela une perfekturik ere, eta honen zain gelditzen bazara agian ez dela inoiz iritsiko. Baliteke gaur egungo egoera ideala ez izana, eta normala dela zailtasunak izatea, izan ekonomian, izan familian, edo izan bizi-baldintzetan. Baina, era berean, garrantzitsua da gogoratzea ekintza txiki bakoitza, informazio ale bakoitza, irakurtzen edo entzuten duzun liburu bakoitza, ekite txiki bat ere badela, eta aldaketarako bidea izan daitekeela.

 

Segur aski, “ekitea niretzat ote da” galdetuko diozu zure buruari askotan, eta jarraian “eta porrot egiten badut” ideia etorriko zaizula ere. Ekitera eramaten zaituen baldintza porrot egitearen beldurra bada, utz iezadazu zure ikuspegia alda dezakeen zerbait esaten: porrota ez da helburua, ikasketarako urratsa baino. Egia da Euskal Herrian ez dugula porrotaren ideia ongi toleratzen, ez dago gure kulturan behar bezala txertatua. Porrota beti izan da atsekabetsua, baina ekintzailetzan porrotak beste leku bat behar luke. Ekitea ez da berehalako arrakastaren bermea, eta ematen dugun urrats bakoitza asmatu edo hanka sartzeak zuzentzean dago gakoa.

Ekiterakoan ere asko konparatzen gara, besteen ibilbideak miresten eta kopiatzen saiatzen. Baina, ekitea oso erabaki eta bide pertsonala da, beste inork ez duen zerbait duzulako: zure perspektiba, ideia eta baliabideak. Sare sozialen eta artifizialaren aroan, benetakotasuna behar dugu, ezberdina dena balioan jarri eta indartu; ekintzailetza tresna eraginkorra dugu horretarako, eta ahal den heinean, inoiz baino gehiago baliatu behar dugu.

Txiki hasten da ekiten. Ez dugu mundua egun batetik bestera aldatu beharrik, ezta erabaki handirik hartu beharrik ere. Egungo lanpostua utzi eta zuloan amildu gabe, astean ordu batzuk eskaini ditzakegu buruan dugun ideia gorpuzten, plan erraz bat sortu, edo zure proiektua hobeto ikusten lagun diezazuketen lagunekin hitz egiten. Hasi probatzen, ikasten, doitzen eta pixkanaka bidea egiten. Zure zerbitzuak edo ideiak arazoak konpon ditzake, beste batzuk inspiratu edo norbaiten bizitza hobetu; hau esanda, saiatzeko prest zaudela sentitzen baduzu, eman lehen pausuak eta aurrera. Laguntza eskatu, hitz egin, parkekatu eta egiten hasi. Gure herriak ekintzaile gehiago nahi ditu, behar ditu. Zu hurrena?