Prestazioen errekargua segurtasun-neurri ezagatik. Aldatu beharreko sistema?

Gizarte Segurantzako prestazioen errekargua % 30-50 gehikuntza da lan istripu edo lanbide gaixotasunengatik eratorritako langileen edo bere oinordekoen prestazioetan (ezintasuna, alarguntasuna, etab.). Istripuak segurtasun eta osasun publikoko arau-hauste batean izan duen kasuetan aplikatzen da gehikuntza hau, eta praktikan oso zaila da ikustea arau-hauste gabeko lan istripua. Itxuraz sistema bikaina da lan istripu bat sufritu duen langilearentzako. Aldiz, bi gauza hartu behar dira kontuan: batetik, errekargua zigorra edo zehapena dela, eta haren egozpena laneko segurtasun eta higienearen arloan dituen betebeharrak betetzen ez dituen enpresari soilik egotziko zaiola (ez dago Gizarte Segurantzaren erantzukizunik, ez zuzenik ezta subsidiariorik ere); bestetik, legearen arabera, ezin dela aseguratu.

Ondorioz, enpresak ordainketa bakar batean kapitalizatu behar du errekarguaren zenbatekoa. Gizarte Segurantzak ez dio langileari errekargua aurreratzen. Honek ondorio latzak ekar ditzake. Oso ohikoa da enpresa txikiek eta ertainek ordainketa hori ez egitea zenbateko handiak izaten direlako, langileak bere bizitza osoan kobratu ahal izateko errekargua. Eraikuntzan dihardutenetan gertatzen da hori, adibidez, lan istripuen intzidentzia oso altua den sektorean. Askotan ikusi dugu enpresa itxi egiten dela, ez delako gai ordainketa horri aurre egiteko, bere langileak lana galtzen dutelarik. Eta errekarguaren eskubidea onartuta daukan langilea, kobratu barik geratzen da. Tamalez, sarritan ikusi ahal izan dugu hori.

Konponbiderik? Bi aukera nagusi egon daitezke. Lehenengoa, Gizarte Segurantzak errekargua aurreratzea langileari eta gero enpresari eskatzea. Baina ez da oso errealista, egia esan, ez baitut ikusten Gizarte Segurantza defizit garai hauetan beste kostu bat bereganatzen, askotan ezinezkoa izango litzatekeelako aurreratutakoa berreskuratzea. Eta bigarrena, interesgarriagoa nire ustetan, errekarguaren aseguratzea ahalbidetzea da. Batzuen ustez, horrek zuhurtziagabekeriaz jokatzen laguntzen dio enpresari. Ez nago batere ados. Izan ere, adibidez ibilgailu motordunen erantzukizun zibileko asegurua debekatuz, gidariak ez lirateke arduratsuagoak izango eta trafiko-istripuak ez lirateke moztuko.

Beraz, legegileak aseguru debekua ezabatzea da bidea. Enpresa txiki eta ertainen bideragarritasuna kolokan ez jartzeko eta langileen eskubideak bermatu ahal izateko. Aspaldi eztabaidatzen den gaia izan arren, legegileak ez du hori egingo duen seinalerik ematen. Baina eskatzea librea denez…

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK