'Product Manager'-ismoa

Orain gutxi Product Manager bat sartu da enpresan, eta hasieran gehienek oso ondo zer egiten zuen ez zekiten arren, egun, produktu teknologikoak dituzten enpresetan batez ere, izugarrizko garrantzia hartzen ari den rol bat da. Zure bezeroek zer behar duten oso argi duzula uste baduzu eta soluzio teknologiko definitiboa duzula pentsatzen baldin baduzu, ez duzu Product Manager baten beharrik. Bestela, zutabea irakurtzea mereziko dizulakoan nago, bi aldiz hausnartzeko, besterik ez bada ere.

Askok askotan pentsatu dugu gure produktu edo zerbitzu teknologikoa bukatuta dagoela, merkaturatzeko prest. Merkaturatzeko pausoa ematen dugu, baina laster konturatzen gara bezeroak hau edo beste aldatu nahi diola, eta teknologia taldeari aldaketak eskatu behar dizkiogula. Baina nola eskatu aldaketa horiek? Nola esan bezeroak hau horrela edo bestela nahi duela? Ez gara-eta profil teknikoak!

Bezeroarekin harreman zuzena dugun pertsonak normalean saltzaileak, proiektu kudeatzaileak edo product managerrak izan ohi gara. Profil horiek proiektuen kudeaketan trebatuta daude, eta haien trebetasunak betebeharrak hartzean, plangintzan, kontrolean eta abarretan oinarritzen dira. Baina bezeroak produktuan aldaketak egin nahi dituenean, nola kudeatzen ditugu lan-fluxuak? Nola azaldu komertzialak programatzaileari bezeroak nahi egin nahi duena? Nork erabaki hori egingo den ala ez?

Zuzendaritza postua edo CEOa den pertsonak enpresaren ideia eta ekimen-iturri izaten jarrai dezakeen bitartean, ez dugu Product Managerrik beharko, edo, bestela esanda, pertsona hori izango da Product Managerra. Aldiz, zuzendaritza produktuan edo zerbitzu teknologikoan inplikatuta ez dagoenean, rol hori beteko duen pertsona bat egon ohi da —komertzial edo proiektu kudeatzaileren bat, normalean—,  eta hark betetzen ditu produktu zuzendaritza funtzioak. Rol horren balioa ez dago gauzak egiteko moduan, baizik eta zer egin behar den edo lehenetsi behar den erabakitzean. Hitz gutxitan, Product Managerrak zer eta zergatik egingo den definituko du, eta Project Manager edo ingeniariak, berriz, nola egin.

Honaino iritsi bazara, ziur zure enpresa edo erakundeko (teknologikoak badira) pertsonaren bat edo beste etorri zaizula burura; naturalki, nahiz eta titulu ponposorik izan ez, produktuaren garapenaren zama lepoan hartu eta talde ezberdinekin iteratzen ari dena. Gaur egun, enpresa teknologikoak aholkulari bilaka ez daitezen (ez dut ezer aholkularien aurka) eta edozein plataforma, webgune edo aplikazio egiten bukatu ez dezaten, Product Managerraren rola goraipatu nahi nuke. Merkatuak edo bezeroek eskatzen digutenaren baitan erabakiak hartu, eta produktuaren ibilbide-orria zehaztuko duten pertsona horiek izugarrizko garrantzia dute gure izateari zentzua eman eta enpresen egituren barruko taldeek norantza berdinean lan egin dezagun.

Izen arrotza du, baina behin lana ezagututa, erabat beharrezkoak izango dira. Gaur egun sortzen ari diren enpresa teknologikoak edo teknologia produktu bezala eskaintzen duten enpresa tradizionalek kontuan hartu beharreko rola dute hau. Guk gurean orain deskubritu dugu, eta aldaketa nabarmena izaten ari da egunerokoan lan-fluxuari erreparatuta. Jarri Product Manager bat zure enpresan!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK