Proposamen ekonomikoak Madrilen

Uda garaian sartuak gara orain aste batzuk. Eguraldi ona —bueno, Euskal Herrian izan ezik—, lanaldi jarraiak, oporretan joateko egunak askorentzako eta deskantsua bederen, ia denontzako. Aitzitik, dezibelio baxuko egun hauen erdian estresa sortu digun egiteko labur bat dugu: datorren uztailaren 23an Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetan bozka eman behar dugu.

Dagoeneko milioika pertsonak eskatu dute oporren etenaldia saihesteko korreoz egiteko botoa. Haiek bai zortea! Uztailaren 23an gure udalerrietan egongo garenok, ordea, hauteskunde mahaietara hurbilduko gara gure eskubidea erabiltzera. Modu batera edo bestera, derrigorrezkoa zaigu informatzea, eta hauteskunde programarik irakurtzen ez duenarentzat neurrira egindako zutabea da hau. EnpresaBIDEAn, ezin da bestela izan, ekonomiari dagozkion proposamen adierazgarrienak ekarri ditut. Ez dut konparaketarik egin behar, guretik Madrilera zein proposamen ekonomiko eramango diren argitzeko helburuz baizik.

Hasteko, oso ulerterraza den proposamen bat: astean 32 orduko lanaldira murriztea. Proposamen hori ez da berria, aurreko urteetan ernaldutakoa baizik, eta gaur egun alderdi askok babesten dutena. Langilearen aldetik bi arrazoi nagusirengatik da interesgarria proposamen hori: lehena, gaur egungo lanek eragiten duten esfortzu mentalarekin eta burnout delakoaren sindromearen ugaritzearengatik; bigarrena, berriz, erreklutamendu prozesuan lan-baldintzak erakargarri egiteko aukera ona baita enpresentzat. Baina ez hori bakarrik, herrialdeko ekonomiarentzat ere ona litzateke: langabezia gutxitzen, kontziliazioa errazten, produktibitatea handitzen eta biztanleen bizi-kalitatea sustatzen lagunduko luke.

Bigarren, 2023an lanbide arteko gutxieneko hileko soldata 1.080 eurokoa da Espainian, kontuan hartuta 14 ordainsaritan banatuta argitaratzen dela. Aitzitik, eta garbi esanda, nekez bizi daiteke soldata horrekin inon; eta gutxiago euskal hiriburuetan. Horregatik, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) 1.200 euroraino igotzea eskatuko da, eta, gainera, gure gizarte- eta lan-errealitatearekin bat datorren LGS propioa ezartzeko konpetentzia geure gain hartu nahi da.

Hirugarrenik, negozio-eredu berriak bultzatu eta negozioen digitalizazioen alde egiteko aukerak ematea. Aspalditik dakarkigun etxekolana da hori, eta oso industrialak izan garen arren, negozio-eredu berriei heldu behar diegu dibertsifikazio handiagoa egin eta dependentziarik ez sortzeko. Teknologia berriak izugarrizko abiaduran garatzen ari dira, eta ezin dugu atzean gelditu. Nodo garrantzitsuak eraiki dira eta dozenaka enpresa sortzen ari dira hilabetero gure parke teknologikoetan. Dagoeneko 647 enpresa daude nodootan, eta 2022an 6.500 milioi euro inguru fakturatu zituzten sektore guztietako enpresa-teknologikoak kontuan hartuta. Haien artean, IKT eremua da nagusi: kopuru osoaren %20 inguru —127 enpresa—, 5.158 pertsona beren plantilletan lanean eta 1.957 milioi euroko fakturazio-bolumena du sektore horrek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK