Ez dago gizateriaren erronka handirik sektore publikoaren lidergorik gabe konpon daitekeenik. Hala dio Xavier Marcet-ek, enpresa eta kudeaketa arloan erreferente den aholkulari katalanak; eta haren aipua ezin da zehatzagoa izan. Gaurko krisi klimatikoak, trantsizio energetikoak, zahartzearen erronkak edo berdintasun sozialaren aldeko borrokak ezin dira merkatuaren aldetik soilik bideratu edo konpondu. Berak argi dio gure administrazioak ez direla beti desastre, baina ez direla egun behar ditugun egiturak ere. Urteak dira atzetik dabiltzala, kultura zaharkituetan eta egitura burokratikoetan trabatuta.
Administrazioa eraldatzea ez dugu esaldi hutsez lortuko. Ez da nahikoa diskurtsoan aldaketa aipatu eta ondoren ezer ez egitea. Egiturak errotik berrantolatu behar ditugu, bertan lan egiten duten lan-taldeen kudeatzeko modu berriak asmatu. Horrek egitura malgutasunez berrantolatzea eskatzen du, erabakiak hartzeko abiadura eta arintasuna handitu, eta, aldi berean, gardentasuna eta konfiantza indartu barne- eta kanpo-diskurtsoetan.
Publikoa dena herritarren azken aukera izan ohi da arazo edo erronkei aurre egiterako orduan. Ez da onargarria politika publikoak mediokritatean geratzea, mediokritateak mediokritatea erakartzen baitu, eta horrek zerbitzu publikoa degradatzen. Profesional konpetenteak erakartzeko politikak ezinbestekoak dira, baina horiek ez dira soilik soldaten edo kontratuen baitan egiten: kultura instituzional berri bat behar dugu, berrikuntza eta ikaskuntza etengabea ardatz izango dituena eta bertan lan egitea estimulu konstante bat izango den kultura.
Sistema publikoaren “gaixotasun kroniko” nagusia burokrazia da: arauek arau gehiago sortzen dituzte, eta zaharrak ezabatu ezean, sakonago eta pisutsuago egiten dira prozesuak. Arauak diseinatzea herritarrei begirako zerbitzu eta balio partekatuak hobetzean datza, ez espedienteak alde batetik mugiaraztea. Arazoak konpondu eta soluzioak eskainiko dizkien prozesu eraginkorrak kateatu behar dira. Nola? Orain arteko dinamikak puskatu, lan-taldeak arindu eta berrikuntza sustatuz. Azken honen bueltan, urtetan —eta oraindik ere halakorik uste duenik bada— teknologia erostea izan da administrazioan egon den berrikuntza ekintza bakarra. Pertsona talde batek egiten zuena orain makina batek egiten du, baina halakoek gutxirako balio dute a sistema oso baten logika eraldatu nahi bada. Teknologia berriek herritarren ongizatea eta instituzioen efizientzia areagotzeko erabiltzea ideia bikaina da, baina tresna berriak kultura eraldaketarik gabe ez dute askorako balioko.
Funtsezkoa da ikuspegi estrategikoa eta egiturazko erronkaren ideia berreskuratzea. Gobernuak ez du “itxura egiteko” planik behar, politikaren eta administrazioaren arteko harremana berrantolatu eta egituratzeko baizik: politikak norabidea markatu behar du, eta administrazioak herritarren eta ehun-sozialaren laguntzaz gauzatu.
Administrazioak prestigiotsua behar du izan, herritarrei konfiantza emango diena, eta edozeinek bertan lan egin nahi duen —eta ez bereziki kontratu finko eta lasaitasunagatik bakarrik— lekua. Zerbitzu publikoa egiteko nahia eta zentzua berreskuratu behar dugu, goratu eta zaindu.