Adimen artifizialaren garaian ekitea inoiz baino errazagoa dela esaten da maiz. Tresnak eskuragarriago ditugu, garapena azkarragoa da, eta merkaturatze-kostuak teorian txikiagoak. Baina erraztasun horrek dilema berri bat ekarri du ekintzaile askoren mahaira: negozioa martxan jartzeko beharrezkoa al da inbertsioa lortzea, ala ezer baino lehen balidatu negozio-eredua?
Azken urteko inbertsioen joera ia bakarra da: “AA eskaintzen eta garatzen duten enpresa” etiketak ate asko irekitzen ditu. Diru-funtsak, inbertsore txikiak eta korporazio handiak prest daude milioiak jartzeko, baldin eta diskurtsoak eskalagarritasuna, adimen artifiziala eta automatizazioa uztartzen baditu. Askotan, eta orain AA dela eta gehien bat, produktu-zerbitzu bat baino gehiago promesa bat saltzen ari dira enpresak, eta promesa horren agindupean, inbertsioa lortu. Hor hasten da arazoa, burbuilaren puztutzea.
Adimen artifizialean oinarritutako ereduak erabiltzen dituzten negozioek dirua behar dute merkaturatzeko? Badirudi, ideia besterik ez diren promesek milioiak balio dituztela orain, eta “bai” erantzuna automatikoki onartzen ari dela. Eredu handiak entrenatzea, azpiegitura teknologikoa ordaintzea edo talentu espezializatua kontratatzea garestia dela argudiatzen da, baina egia al da? AAren paradigma berriak —API bidezko ereduek, open source komunitateek eta cloud zerbitzuen malgutasunak— ekintzaile izateko aukera nabarmen erraztu du, inoiz baino posibleagoa da gutxieneko produktu funtzional bat sortzea, eta proiektu ekintzaile bat martxan jartzea. Zertarako kanpo-inbertsioa, orduan?
Bigarren galdera deserosoagoa da: garesti atera al daiteke diru hori? Bai, eta ez soilik finantza-terminoetan. Kapitala goizegi sartzeak presio okerrak sortzen ditu: hazkunde artifiziala, metrika hutsalen atzetik korrika ibiltzea, eta bezero eta merkatuarekiko ikasketa moteldu egiten ditu. Diruak denbora erosten du, baina askotan norabidea lausotzen. Ekintzaileak bezeroa entzun beharrean, inbertitzaileari azalpenak ematen hasten dira, eta gizartean dagoen arazo bat konpondu beharrean, diskurtso eta sari artean galtzen da maiz.
Eta hirugarren galdera, agian, beti errepikatu izan dena: lehenago negozioa baieztatu beharko litzateke dirua eskatu aurretik? Historikoki, bai. Negozioaren funtsa ez da teknologia baten garapena, baizik eta balioa sortzeko gaitasuna. Adimen artifiziala bitarteko tresna da, baina ez da helburua izan behar. Arazo erreal bat konpontzen ez badu, edo norbait —bost bezerotik gora, gutxienez— hori ordaintzeko prest ez badago, AAk ez du miraririk egingo. Adimen artifiziala aipatu eta milioiak eskaintzea oso gutxitan gertatu da lehenago, eta pseudoekintzaile asko hori baliatzen ari dira haiena ez den dirua lortu eta “esperimentuak” egiteko. Paradoxikoki, AAren paradigmak dirua “merkatu” du, kapitala eskuragarriagoa egin du, eta hori ohitura txar bat ezartzen ari da merkatuan: negozio-eredua frogatu aurretik dirua altxatzea normaltzat hartzea. Horrek ekintzailetzaren logika bera zapuztu dezake, ekitea ez baita finantzaketa-ariketa bat, arazo bati soluzio bat planteatu eta zerbitzu bat eskaintzea baizik.
Agian bada garaia diskurtsoa aldatzeko. Adimen artifizialak gutxiagorekin gehiago egiteko aukera eskaintzen digu, baina aukera hori galduko dugu, baldin eta lehen erabakia beti dirua eskatzea bada. Burbuilak jada badu bere neurria, eta dinamika aldatzen ez bada, “puntu-kom”-arekin gertatu zena erreplikatze bidean gara.