Puntu urdin zurbila

Voyager 1ek 1990eko otsailaren 14an hartutako irudi ikonikoa gogoan dut oraintxe. Espaziontzia gure auzo planetariotik Eguzki Sistemako bazterretara abiatzekotan zen, eta Carl Sagan astronomo eta zientzia dibulgatzaileak gure etxe-planetari azken begirada bat eman ziezaion eskatu zuen. Argi-izpi sakabanatuen erdian harrapatu zuen zundak irudi hori, eta Lurra argi puntu txiki bat bezala agertzen da, 0,12 pixeleko puntutxo bat. “A Pale Blue Dot”. Puntu urdin zurbil bat. Etxea. Gu.

“Puntu horretan egin dute beren bizitza izan diren gizaki guztiek: maite dituzunak eta baita entzunez baino ezagutzen dituzun horiek ere. Han gertatu dira gure poz eta sufrimenduak, milaka erlijio, ideologia eta doktrina. Han bizi izan dira ehiztariak eta aitzindariak, heroiak eta koldarrak, zibilizazioaren sortzaileak eta suntsitzaileak, erregeak eta nekazariak, bikote gazte maiteminduak, ama eta aitak, haur itxaropentsu, asmatzaile eta esploratzaileak, politikari ustelak, 'super izarrak', 'buruzagiak', santuak eta bekatariak. Guztiak bizi izan dira han gure espeziearen historian, eguzki izpi batean esekitako hauts maluta baten gainean”.

Ez al da ederra? Izan zitekeen, bai, baina ez da itxuraz batere kezkatzen gaituen zerbait. Atzo Ingurumenaren nazioarteko eguna ospatu genuen (zerbait esatearren), eta beste behin ere esan genion elkarri gure ardura dela, bizitzari eusten dion hauts-malutari putz egiten jarraitu dugun bitartean.

Nature aldizkarian berriki argitaratu den ikerketaren arabera, maluta txiki horren gainean eraiki dugun guztia noizbait galtzeko arriskua areagotzen ari gara, eta Lurreko sistemei eta giza ongizateari modu egonkor eta jasangarri batez eusten dieten faktoreen muga aise gainditzen ari gara. Mundu osoko 40 ikertzailek baino gehiagok parte hartu dute ikerketa honetan, tartean BC3 klima-aldaketaren euskal ikerketa-zentroko kideak.

Azterketa berri horretan, nazioarteko zientzia-komunitatean 2009. urteaz geroztik finkatu ziren bederatzi faktore kritikoen segurtasun-egoera aztertzen da, eta, gainera, beste berri bat gehitu da: justizia maila, hain zuzen. Lur-sistema ez da segurua izango bidezkoa ez bada, gizakion, gainerako izaki bizidunen eta etorkizuneko belaunaldien arteko justiziarik eza suntsipen-arrisku nabarmena baita. Bada, faktore horiek guztiak aztertu eta neurtuta, emaitza, espero zitekeen bezala, ez da ona.

Ebidentziek kalapitaren munta erakusten dute, eta baita egoerari aurre egiteko gakoak ere. Planeta bat modu seguruan eta bidezkoan eraldatzeko, eragile anitzen ekintza kolektibo eta premiazkoa behar da, batez ere gobernuen eta eragile ekonomikoen eskutik, Lurreko sistemaren mugen barruan jarduteko, planetaren bizi-euskarri den gure sistema bere horretan mantentzeko. Garrantzitsua zela ongi genekien, baina oraingo ikerketa honek argi erakusten digu lehentasunezkoa dela. Are gehiago, hil ala bizikoa, hitzen adiera zehatzenaz, gainera.

Maiz ulergaitz egiten zaigun zerbait handiagoaren parte gara, parte ñimiñoa bada ere. Huskeria bat gara unibertsoaren mailan, egia da, baina horixe besterik ez dugu. Pertzepzioek, eskarmentuek eta bizitzaz dugun esperientzia laburrak horrelako zerbait iradoki dute aspalditxotik, baina orain baieztatu da arrisku handiegiak hartzen ari garela zibilizazioaren etorkizunarekin eta Lurrean bizi den guztiarekin. Eta Lurra, oraingoz behintzat, ezagutzen dugun bizitzari eutsi diezaiokeen mundu bakarra: Saganen hitzetan, “etxea”, "gu” handi hori. Ez dago beste inon, etorkizun hurbilean behintzat, gure espezieak migra lezakeenik. Bisita egin dezakegu urrutira, baina kasurik onenean, joan-etorrikoan. Gustatu ala ez, oraingoz Lurra da gure kokalekua.

Eguzki-argitan hautsa gara. Hauts-maluta horren gainean, baina, maite duzun, desio duzun, zaren eta garen guztia kabitzen da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK