Putre-funtsen 'alde'

Oinarrizko eskubide bati lotuta dagoen aktibo batekin negozioa egiteak ez dauka prentsa onik. Hori gertatu zaie Higiezinen Inbertsiorako Sozietate Anonimo Kotizatuei (HISAK, euskaraz; gaztelaniaz, SOCIMI delakoak). Horrela, askok (komunikabideak barne) HISAKak putre-funtsekin nahastu dituzte. Etxebizitzaren arazoaren inguruan hitz egiten denean, funts putreak dira Gaizkiaren haragitzea. Higiezin ugarien jabe anonimoak, lukro ase ezin batek bultzatuta, etxegabetze-aginduak gupidarik gabe eskatu eta exekutatzeko gai diren erakunde bezala irudikatzen dira. Bi digitutako errentagarritasunaren aldarean edozer eta edozein sakrifikatzeko beti prest. Gaur egungo alokairuen kiribila salatzen denean, askok eurengan jarri izan dute begirada. Eta hori egin du apirilaren bukaeran espainiar Gorteek onartutako Etxebizitzarako Eskubidearentzako Legeak ere.

Baina agian fokua leku desegokian jartzen ari gara. Alokairurako etxebizitzen %12 dago bakarrik inbertsio funtsen eskutan. %85 esku partikularretan dago. Pablo Carmona ikertzaile eta aktibistaren esanetan, 2018an errentari partikularraren profila 12.000 eta 60.000 euro arteko diru-sarrerak zituen pertsona batena zen, 2, 3 edo 4 jabetzarekin. Ez gara jabe handiez hitz egiten ari. Klase ertain peto-petoa. Etxebizitza, klase ertainaren inbertsio funtsa izan da beti.

Harrigarria dirudien arren, klase ertain horrek askotan ez ditu pizgarri nahikoak pisu horiek alokairuan jartzeko. Etorkizunean bere prezioa igoko delakoaren itxaropenean bizi dira —zenbat alditan entzun dugu donostiarrok gure hirian “etxebizitzen prezioak ez direla sekula jaisten?—. “Alokatzea lio bat da” entzun behar zuen nire senide batek bere ugazabarengandik. Lio horren atzetik ere kezka asko daude: "eta inkilinoek ez badute ordaintzen?", "Eta auskalo nola utziko didaten etxea…", "Eta gero ez baldin badute joan nahi?"

Mezu horiek eta antzekoak ugaldu egin dira komunikabideetan azkenaldian, zalantzetan zeuden jabe horiek kikilduz. Ondorioa: ehunka etxe hutsik gure hiri eta herrietan, alokairuen prezioak bere gailurretan eta salmentarako etxean eskuraezinak lan merkatuan sartu berriak diren gazteentzat. Bitartean, beldur mezu horiei muzin egin dieten jabe horiek ez daukate inongo errukirik bere inkilinoen errentak igotzerakoan edo kanpotar ikasleei 1.500 euro kobratzerakoan. Merkatua da, lagunak. Besteek egiten baldin badute, zergatik ez dut bada nik egingo? Hainbeste jarrera gaizto justifikatzen duen argudioa.

Horregatik, HISAKen (edo putre-funtsen, nahi duzuen izena eman) alde egingo dut nik hemen. Bere negozioa ez da pisuak hutsik mantentzea. Alokatuak ikusi nahi dituzte, bere osotasunean: hutsik dagoenak ez du diru sarrerarik sortzen. Administrazio publikoek etxebizitzak prezio sozialetan eskuragarri jar nahi dituztela? Ederki, esango dute, akordio batera irits gaitezen. Denok irabazle. Inkilinoak bere etxebizitza dauka, prezio duin batean. Funtsak, bere emaitzen kontua loditzeko mozkinak. Eta administrazio publikoak, aurrekontu doituak edukiko lituzkeen etxebizitza politika aurrerakoi bat. Beste hainbat zerbitzu publikotan (hezkuntza edo osasuna lekuko) eragile pribatuekin itunpeko harremanak onartzen baldin baditugu, zergatik ez hemen?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK