Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Rock izarra eta inertziak

2026ko azaroaren 10a - 05:30
Argazkia: Pilar Kaltzada

Imajinatu The Beatles taldea zuzenean entzuteko aukera duzula zure hirian. Bada, niretzat horren parekoa izan zen joan den astean Martin Baron Bilbon ikusi ahal izatea, oholtza gainean. Nire rock izarra da, eta izan da urte askotan. The Boston Globe egunkarian sexu-abusuen inguruko ikerketa historikoa zuzendu zuen, Eliza Katolikoak hamarkadetan ezkutatutakoa argitara ekarriz. Geroztik, norbaitek kalitatezko kazetaritzak zertarako balio duen galdetzen duen aldiro, Spotlight filma ikusteko gomendatzen diot, Baronek berak esan zigun bezala, ikerketa bera, zailtasunak eta hartu behar izan zituzten erabakiak nahikoa modu fidelean jasotzen ditu-eta. The Washington Post egunkariaren zuzendaritzara iritsi zen 2013. urtean, Jeff Bezos egunkariaren jabe bihurtu baino hilabete batzuk lehenago; Trumpen lehen agintaldian hantxe izan zen, botere politikoaren eta prentsaren arteko guda-zelaian.

 

Mende erdiko ibilbide txundigarriaren ondoren, Baronek kazetaritzaren etorkizunaz hitz egiten jarraitzen du, eta baita etorkizun horretan eragiten ere: urtarrilero Latinoamerikan ematen du denbora, mehatxupean edo erbestean lan egiten duten kazetariekin, editoreen prestakuntzan laguntzen. Munduan (eta are gutxiago kazetaritzaren munduan) ez dago hutsezintasunik, badakit, baina koherentzia eta sendotasun etikoa dira gehien hurbiltzen zaizkion dohainak.

Nostalgiarik gabe hitz egin zuen Bilbon, atzeko ispilua begien bistatik galdu gabe, baina bereziki aurrera begira. Kalitatezko kazetaritza inoiz baino beharrezkoagoa den garaian, mehatxuak ere inoizko handienak dira. Elkar ulertzeko genuen zoru komuna desagertzen ari da, gertakariak eurak ere iritzi bilakatu baitira. Ataka gaiztoan gaude, baina ez galduta. Kazetaritzaren krisiari aurre egiteko bidea, kazetaritza zintzo eta hobea egitea. Informazioa emateaz gain, frogak erakutsi behar ditugu, herritarren benetako kezketara hurbildu, teknologiak eskaintzen dituen aukerak baliatu, eraginkorrago izateko, ez alferrago bihurtzeko. Eta inoiz baino gehiago, esperimentatu behar dugu: inertzia ere erabaki bat da, esan zuen Baronek, erabaki hilgarria.

 

Aurreko astean, Eusko Jaurlaritzak kazetaritza arduratsua sustatzeko laguntzen ebazpena argitaratu du. Zazpi milioi euro banatu dira, baina kopuruaz harago, atzean datzan mezua ezinbestekoa da: kalitatezko informazioak kostu handia du eta merkatuak ez du beti kostu hori bere gain hartzen. Kazetaritza profesionalari eustea interes publikokoa da, kalitatezko kazetaritza azpiegitura demokratikoa baita.

Gurean ere esperimentatzeko oinarria izan daiteke sostengu hori, baina horretarako orain arteko irizpideen hedadura zabaltzea ezinbestekoa da.

Urteotan laguntza publikoen irizpideak egokitzen joan dira. Euskarazko hedabideen audientzia neurtzeko orduan, esaterako, merkatu potentzialaren berezitasuna gero eta gehiago hartu da kontuan. Aurrerapen garrantzitsua da, baina oraindik badugu zer pentsatu. Besteak beste, hedabide jeneralistak ez ezik, informazio espezializatua eskaintzen dutenak ere aintzat hartzeko.

Zenbat irakurle behar ditu hedabide batek gizarteari ekarpen esanguratsua egiteko? Zer balio du beste inork lantzen ez duen informazioa euskaraz eskaintzeak? Eta nola neurtzen da komunitate jakin batean eragiteko gaitasuna?

Badakit ez dela erraza, baina horretan datza bizi dugun ataka honetan ezinbestean eskatu behar dugun ausardia: oraindik erantzunik ez duten galdera zailak egin behar dizkiogu gure buruari. Tresna publikoek ez dute errealitatea deskribatzen soilik: eraldatu ere egiten dute.

Administrazioak irizpide objektiboak behar ditu, jakina. Gardentasunez defendatu daitezkeen erabakiak hartu behar ditu, eta halaxe egin dezan behatu behar dugu etengabe. Neurtzea zaila izateak ezin du izan errealitatea sinplifikatzeko aitzakia, are gutxiago, errealitate hori ez kuestionatzeko. Zer babestu erabakitzean, bazterrean zer utzi ere erabakitzen dute.

Baron Washingtonera iritsi eta hilabete gutxira, Jeff Bezos Amazoneko nagusiak egunkaria erosi zuen, artean plutokrazia teknologikoaren Olinpora igo edo ez erabaki gabe zegoela. Urte batzuk geroago hartu zuen hedabideak bere lelo ospetsua: "Demokrazia ilunpean hiltzen da".

Gehiegi itxaron gabe ikusi dugu aldarrikapena ez ezik, iragarpena ere izan zitekeela.

Kazetaritzak ezin du inertziaren menpe bizi. Eta kalitatezko kazetaritza bultzatzeko orduan ere, ausardia behar da. Etorkizuna babestu nahi badugu, ezin dugu iraganaren neurrira egindako arauekin neurtzen jarraitu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain