Salbuespenak

John Goodenough zientzialariak Kimikako Nobel saria irabazi zuen 2019. urtean. Ordurako hamarkada asko zeramatzan aparteko ekarpenak egiten litiozko baterien inguruan, eta bere lanaren berri zutenak kezkatzen hasita zeuden, saririk handiena eskuratu gabe hil egingo zela ia ziurtzat ematen baitzuten: Suediako Akademiako deia jaso zuenean 97 urte zituen. Sekula Nobel bat jaso duen pertsonarik zaharrena da eta marka guztiak hautsi zituen, 123 urteetan esleitu diren sarien jasotzaileen batezbesteko adina 55 urtekoa baita.

Salbuespena izan zen, beraz, adinari dagokionez, baina soilik horretan, Nobelen “beste” ezaugarri edo marka guztiak, ordea, erabat bete zituen eta. Bitxia da gero. Nobel saridunena aparteko dohainak dituztenen klub esklusiboa bada ere, gizartean nagusi diren genero, etnia eta adin-desberdintasunen argazki robota ere bada: eredua gizona da, adinean aurrera doana (baino ez aurreregi) eta zuria. Sortu zirenez geroztik 959 pertsonari eman zaie Nobel Saria eta horietatik % 94 gizonak izan dira.

Kontaezinak dira Nobel Sarien berdintasunik eza salatu diren aldiak eta 2021. urtean Batzordeko presidenteak berak irten behar izan zuen genero eta jatorri-kuotarik ez zela ezarriko azaltzeko: “onenak sarituko ditugu, soilik beren merituei begiratuta”.

Et voilà: merezimenduaren tranpa, erabat orokortu egin duguna.

Euskal Autonomia Erkidegoan 24 eta 65 urte artean goi-mailako ikasketak dituzten pertsonetatik % 54 emakumeak dira eta ekonomia-ikasketak dituzten artean, 10etik 4. Soldata-arrakala % 22,6koa da, inguruko altuenetako bat. Senitartekoren baten zaintzarako lan-baimenak aztertuta, 10etik 8,8 emakumeek eskatuak dira. 50 langiletik gorako enpresetako administrazio-batzordeetan hamar kideetatik 1,9 emakumeak dira. Zuzendaritza-arduretan dauden emakumeak % 9 baino ez dira eta industrian gertatzen da parte hartzerik txikiena.

Nire buruari galdetzen diot: horixe da emakumeek “merezi” duten tokia? Emakume guztiok?

Meritua desberdintasuna legitimatzeko argumentu erabiliena da. Zenbat aldiz ez ote duzun entzun, irakurle, lelo hau: “saia zaitez eta lortuko duzu”. Gauzak, baina, ez dira horren errazak izaten. Meritua irizpide egokia litzateke gizarte ideal batean, zeinean gutariko bakoitzaren gaitasunak zuzentasunez eta abiapuntu-berdintasunez lortuko genituzkeen, baina horretarako beste gizarte bat beharko genuke. Hamaika ikerketa zientifikok arrakastaren determinatzaile sozialek duten pisua demostratu dutelako historian zehar, baina arau gisa, meritokraziaren mitoak bere horretan dirau.

93 urterekin Nobel sari bat irabazi daiteke, baina salbuespena da. Emakumeek ardura-postuak normaltasunez eskuratzen dituzte, baina salbuespenak dira.

Salbuespenak atsegin ditugu, araua apurtu daitekeela sinisteko amarru egokiak direlako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK