Salgai gaude

Ez naiz ni izango kapitalismoa auzitan jarriko duena. Sistema ekonomikoa beste modu batean ulertu behar dugula sinetsita nago. Jasangarria eta justua izango den sistema baten alde nago, eta horren eragile izan behar dugula sutsuki sinesten dut, baina ez diot nire buruari iruzur egin nahi. Ondo bizi den gazte (izandako) kapitalista bat naiz. Baina kapitalismoa zenbateraino errotuta dugun pentsatzeak kezka sortzen dit. Ohartu ez bagara ere, barruraino irentsi dugu bere filosofia. Hizkera bera ere aldatu dugu, oharkabean.

Ordu luzeak ematen ditugu lagunekin berba eta berba. Mundua aldatu nahian, hurrengo mendi irteera planifikatzen edo gure taldearen entrenatzailea zein izango den asmatzen. Eztabaida beti eskura, eta ideien trukea ere bai. Hori betidanik egiten genuen, baina lehen besteen iritziekin bat gentozela esaten genuen eta orain, ordea, ideia erosten diegu. Eztabaidak ideien salerosketa bihurtu ditugu. Gazteei jende aurrean hitz egiten irakasten diegu ikastoletan, euren burua saltzeko. Instagram, Tinder eta Grindr bezalako plataformetan gure burua saltzen dugu. Argazki egokiena aukeratzen denbora luze ematen dugu ordainean zerbait jasotzeko, izan like bat edota hitzordu bat. Lehen musutruk egiten genituen gauzei ere prezioa jarri diegu: jada ez dugu soberan dugun arropa oparitzen edo kotxea lagunekin partekatzen; hori ere monetizatu dugu. 

Bada, halere, bereziki kezkatzen nauen kontu bat. Uste dut aldarrikapenak ere merkatu logikan jarri ditugula, eta LGTBIQ+ harrotasuna horren adibide da. Ekainaren 28a heldu ahala, ortzadarraren koloreez janzten dira enpresa, hiri eta markak. Negozio iturri ikusten dute hiriek LGTBIQ+ kolektiboa. Gay eta lesbianen eroshalamena hizpide hartzen dute agintariek gure hiriak turismo jomuga saltzeko. Kolektiboaren aniztasunari, ordea, ez diote erreparatzen, errealitate ezberdin asko daude eta. 

Behin izan naiz Madrilgo harrotasun egunean. Aspaldi izan zen. Europa mailako ospakizuna omen zen, eta lagun batekin joan nintzen. Zapatuan desfilea ikustera joan ginen. Arraro egin zitzaidan desfile hitza, Bilbon ekainaren 28an manifa egiten delako. Jai giroan, baina manifestazioa. Madrilgoa publizitatez jositako autobus eta kamioien desfilea izan zen. Ligatzeko aplikazioak, kondoiak, edariak... nahi beste marka agertzen ziren autobus horietan. Aldarrikapen baten merkantilizazioaren gorentasuna iruditu zitzaidan. Eskerrak topatu genuela musika jarri eta mezu alternatiboak nabarmentzen zituen talde bat, publizitaterik gabekoa.

Bilbon harrotasun eguna aldarrikapen eguna izan da orain arte, baina gauzak aldatzen hasi dira. Duela bi urte inguru, Bilbo gay helmuga turistikoa izateko ekimena abian jarri zuten, eta harrotasunaren aitzakiarekin hainbat egitasmo burutu dituzte: azoka txikiak, kontzertuak, itsasadarretik egindako desfileak —barkatu, ur parade esan nahi nuen—... Babesleen artean erakunde publikoez gain, garagardo ezagun bat ere badago, eta itsasontzietan Bilboko tabernen izenak ere agertzen dira.

Antolatu dituzten ekitaldien artean badira gauza interesgarriak, eta sinetsita nago borondate onez egindako ekimena dela, baina merkantilizazio kutsua dario. Harrotasun eguna jai egunerako eguna bada, baina batez ere aldarrikapen egun bat, eta jarrera merkantilistek ez diote mesede egiten aldarrikapenari.

Hizkera kapitalista ere gizarte mugimenduen borroketara eraman behar al dugu? Hizkera aldatu eta harro beharrean, pride esan behar al dugu?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK