Aspaldi, oso aspaldi, patinetei Santxeski esaten genien. Geroxeago Santxeski marka zehatz bat besterik ez zela konturatu ginen arren, izenari eutsi genion, askoz ere erakagargarriagoa zelakoan. Gaur egun, ordea, patinete hitza barreskuratu behar izan dugu. Izan ere, Santxeski elektrikoa ez da ondo geratzen.
Eta patinete elektrikoekin arazo berriak etorri dira, besteak beste, istripuak eta hauek lan harremanetan duten eragina.
Horra hor kasu konkretua: udal igerileku batzuetako tabernako sukaldari laguntzaile bat eguerdian ateratzen da etxera bazkaltzera, ohi bezala. Patinete elektrikoan doa errepidetik, erori egiten da eta tibia eta peronea hausten ditu. Ebakuntza kirurgikoa egin zioten eta aldi baterako ezintasun-egoeran dago.
Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak ebazpena eman zuen, aldi baterako ezintasunaren prozesua lan-istripu baten ondorioz gertatu zela zioena. Hori dela eta, mutuak demanda jarri zuen istripu horren kontingentzia arrunta erreklamatzeko.
Kontingentziarena ez da kontu makala: aldi baterako ezintasunaren prestazioa handiagoa izan daitekeelako, eta, hitzarmenaren arabera, lan instripua denean, prestazioa osotu egin daitekeelako soldataren %100 arte.
Epategiak ez du mutuaren helegitea aintzat hartzen, istripua “n itinere (lanetik edo lanerako bidean ematen dena) dela uste baitu. Horren aurka mutuak erregutze-errekurtsoa jarri zuen, erabilitako garraiobidearen egokitasunagatik, in itinere istripuaren baldintza modala betetzen ez dela argudiatuta. Izan ere, zirkulazio erregelamenduak debekatu egiten du hiriarteko bide batean patinete elektrikoan zirkulatzea, eta hori zuhurtziagabekeria ausartegia dela defendatzen du, lan-istripua baztertzen duena.
Gaztela Leongo (Burgoseko egoitza) Justizia Auzitegi Nagusiak aurtengo maiatzeko epaian onartzen du patinetea ezin dela erabili hiriarteko bide batean, baina aipatzen duen jurisprudentziaren arabera, ibilgailu bat baimendu gabeko bide batetik erabiltzeak ez dakar berez zuhurtziagabekeria ausartegiarik, trafiko-arauen arau-hauste guztiek ez baitute irismen eta intentsitate bera, eta kasu zehatz bakoitza aztertu behar da.
Zuhurtziagabekeria ausartegia langilearen jokabidea da, non, pertsona baten portaera normala gaindituz, beharrezkoa ez den arrisku bat hartzen duen, bizitza edo ondasunak arriskuan jartzen dituena, kontzienteki. Eta hemen, antza, langileak ez ditu funtsezko eginbide baten arauak alde batera utzi. Erabilitako ibilgailuarentzat debekatutako bide batetik zirkulatzea baino ez da agertzen, eta ez da jasotzen jarraitutako ibilbidea ezohikoa izan zenik, istripua nola gertatu zen, istripua gertatzeko bidearen baldintzak erabakigarriak edo garrantzi txikikoak izan zirenik edo langilearen gidatzeak berak zer eragin izan zuen istripuan.
Langilearen jokabidea gaitzesgarria dela adierazten du, baina trafikoa erregulatzen duten arauen arau-hauste sinplea da auzitegiaren ustetan, eta egiaztatu den arau- hauste bakarra denez, ez du istripua kausalki zehazten, eta, beraz, ez du lanarekiko harremana hausten. Beraz, mutuaren errekurtsoa ezesten du eta instantzia-epaia berresten.
Gure betiko Santxeskiekin ez zen horrelakorik gertatzen.