Sare sozialen inplosioa

Sare sozialetan irakinaldi paradigmatiko baten aurrean gaude. Twitterrek ordainpeko bluetaga, Metak metabertsoaren etorkizun garbirik ez adieraztea eta Snap bezalako enpresek lan-taldeak murriztea dira horren erakusgai. Guk orain arte ezagutu ditugun sare sozialak ez dira berdinak iada. Sare bakoitzaren norabidea argitzen hasia den honetan, sare sozialak publizitatea kanalizatzeko erremintak bihurtu dira aspaldian eta izenak dioen dioen bezala, sare sozialak sortu beharrean, hausten besterik ez dira ari azkenaldian.

Azken asteetan, eztabaida piztu da sare sozialen etorkizunari buruz. Inbertitzaileek Meta zigortu dute metabertso bat eraikitzeko hamar urteko plana zapuzten ari dela ikusita. Twitterrek ere ez du etorkizun oso argirik egunetik egunera sare sozialaren ugazaba berriak hartzen dituen erabakiekin. Beste kasu orokor batzuk parteka nitzake, baina ez genuke gehiago horretaz kezkatu behar, hein handi batean, egun ezagutzen ditugun sare sozialak hiltzear baitaude. Azken hamarkadan sare sozial kontzeptua definitu zituzten plataformak —hala nola, Facebook, Instagram Twitter, baina baita Messenger edota Tuenti ere— lehiatik kanpo geratzen ari dira orain datozen interakzio-eredu berriek ordeztuta.

Hori guztia diot, izan ere, orain arte beste pertsonekin elkar eragiteko eta harremantzeko sortu ziren sare sozialak publizitatea eta saldu nahi dizkiguten produktuak saltzeko kanal bakan eta hutsalak bihurtu baitira. Facebookek aspaldian galdu zuen erakargarritasuna belaunaldi berrientzat. Instagramek duen erabiltzaile kopurua handia da oraindik, baina esperientzia gero eta eskasagoa da publizitatea sartzeko duen modu bortitzarengatik. Twitterrek ere aspaldian egin zuen interfazea publizitatez betetzeko hautua eta orain, Muskek erosi duenetik, badirudi izugarrizko exodoa izan dela erabiltzaileen artean, orotariko hedabide batzuen arabera.

Aldiz, YouTube, Tik Tok eta Twitch bezalako streaming plataformak ugaritzen ari dira, norabide anitzeko elkarrizketa sustatzen zuten aplikazioen ordez noranzko bakarreko komunikazioa proposatzen dutenak: sortzaile batek sortu, eta ikusleak kontsumitu nahi duena kartan aukeratzea. Tik Tok, esaterako, sare sozial bezala definitzen den arren, edukia modu pasiboan kontsumitzeko diseinatuta dago, gainontzeko erabiltzaileekin interakzioak nabarmen murriztuta. Instagramek ere bide bera hartu du aspaldian, eta Twitch edo Youtube jaiotzez diseinatu ziren hala. 

Errealitatea da azken horiek egin dutela nabarmen gora azken hilabete edo urte gutxietan. Jendeak erreferenteek sortzen duten edukia kontsumitu nahi du, eta peer-to-peer interakzio eredua gutxitu, ia ezerezean utzita. Etsipenaren sentimendu bat antzematen dut gizartean, funtzionatuko duten sare sozialek etorkizunean publizitatea ikustera behartuko gaituztela onartuta, amore eman, eta streaming plataformetara jotzen dugula. Akaso, lehenago ere hori gertatu zaigulako. Akaso, sare sozialak diru bihurtzeko iturri bakarra orain arte publizitatea izan delako eta ez dugulako besterik ezagutu. Akaso hor berritu behar genuke.

Badakigu badirela sare sozialak non publizitateak gogaituko ez gaituen, eta funtzionatzen dutela. Galdera da ea, haietariko bat nabarmendu eta masifikatzen denean, sare sozialaren oinarrian dagoen negozio-eredua jasangarria izango den ekonomikoki, baina batez ere sozialki, orain artean ez baitugu ezagutu halakorik. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK