EHUko irakaslea, Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saileko eta Hegoa instituko kidea

Sareak eta osasun mentala

2025eko azaroaren 6a
eduardo malagon

Lagunen artean beti "katxarrero" fama eduki dut. Tramankulu digitalak kaleratzen zirenean beti izan naiz lehenengoetarikoa erosten edo frogatzen. Berdin Internet munduak eskainitako aukera berriekin, sare sozialak barne. Baina azkenaldi honetan tresna horiengandik urruntzea erabaki dut. Nire Facebookeko kontua aspaldian geldirik dago, iraganean izozturik (nire urtebetetzetan bertako "lagunen" zorionak jaso arren, ez diet jaramonik egiten: nigandik beste inondik berririk ez dutenek hilda nagoela pentsatuko dute). Urtetan Twitterrera (barkatu, baina ez naiz ohitzen X deitzera) "engantxatuta" egon ondoren, abuztu honetan utzi nuen hau ere. Nahiz eta hasiera batean mugarik gabeko komunitate baten agora digitala bilakatuko zelaren ilusioa izan, Elon Muskek erosi ondoren, anonimotasunak nortasun ezkutu eta koldarren adierazpen gaiztoen, irainen eta desinformazioaren bozgorailua bihurtu zuen progresiboki. Egia esan, nire bake mentalak asko eskertu du bertatik urruntzea. Hala ere, eragin horiek nire barnean nabarmentzeak kezka bat piztu zidan: sareek, ni bezalako pertsona hezi eta helduengan horrelako eragina badute, zein izan daiteke bere inpaktua nerabe eta gazteengan?

 

Sare sozialen ugalpenak eta hedapenak gure konexiorako (edo hiperkonexiorako, hobeto esanda) grina eta gogoa asetzeari erantzuten omen diote. Facebook da bazkide gehien (3.000 milioitik gora) dituen sarea, YouTube eta Instagram 2.000 milioien inguruan dabiltza eta TikTokek 1.500 milioi ditu. Gure baitan erabat ezezagunak diren txinatar eremuko sareak (Wechat, Douyin, Kuaishou edo Weibo) 1.000 eta 500 milioi erabiltzaileen artean mugitzen dira. Nahiz eta belaunaldi guztien artean zabaldu, bere arrakasta gazteen artean kontzentratzen da: Espainian, adibidez, hainbat ikerketen arabera, 18 eta 24 urteen arteko gazteen %95etik gora gutxienez sare sozial bateko kidea eta (kezkagarriagoa izan daitekeena) %49ak sareak erabiltzen ditu informazio iturri bezala, egunkarien edo telebistaren aurretik.

Askoren ustetan, gazteen sare sozialen kontrolik gabeko kontsumoa eragin zuzena izaten ari da haien osasun mentalean ere. Zientzia ere horren inguruko ebidentziak ematen ari zaigu: orain dela hilabete batzuk, JAMA medikuntza aldizkari ospetsuak argitaratutako artikulu batek, nerabeen sare, mugikor eta jokoekiko menpekotasun-joerak etorkizuneko arazo mentalekin lotzen zituen, baina baita ere ideia eta portaera suizidekin. Osasunaren Mundu Erakundearen beste ikerketa baten arabera, hamar nerabetik batek sare sozialen, jokoen eta komunikazio-teknologien erabilera “problematikoa” du. Horrek esan nahi du pantailen erabilerak gazte horien eguneroko bizitzan eragin negatiboa duela eta bere harremanei, ikasketei edo ongizate emozionalari eragiten diela.

 

Errealitate horren aurrean, ohikoena den bezala, osasun mentalaren inguruko arazoen aurrean, gizartea eta, partikularki, administrazio publikoak, ematen ari diren erantzuna mantsoa eta eskasa izaten ari da, nahiz eta ekimen txalogarriak izan. Adibidez, Euskal Herrian hainbat ikastetxetako eta herrietako guraso taldeek Altxa Burua ekimena martxan jarri dute, nerabeek mugikorra eskuratzeko adina ahal den neurrian atzeratzeko. 80 talde baino gehiago sortu dira, baina oraindik goiz da haien inpaktua ebaluatzeko. Bitartean, nerabe eta gazteekin lan egiten dugunok geroz eta zailtasun handiagoak ikusten ditugu haien artean elkarrekin erlazionatzeko eta bere inguruarekin konektatzeko. Azken hamarkadetako hezkuntzaren erronketako bat gaitasun digitalak lantzea izan den arren, harremanak eta hezkuntza esperientzia "desdigitalizatzea" izan daiteke desafio berria, pantailei uko eginez.

XX. mende hasieran, lehen automobilak errepidetan ibiltzen hasi zirenean, herrialde askotan ez zen baimenik eskatzen horiek gidatzeko, lehen istripuak eta hildakoak ematen hasi ziren arte. Urteak pasa ziren baimenak gidatze froga batzuetara eta gutxieneko adin batera lotu arte. Francisco Villar psikologo eta adituak gauza bera eskatzen du: Internetera konexioa duen mugikorra erabiltzeko baimena, adin batetik aurrera ematea. Gure gazteen osasun mentalak eskertuko luke, ziur.