Minutu batzuez, Europako Parlamentuak parlamentu izateari utzi zion. Futbol-zelai baten antza zuen. Migrazio eta Asiloaren Europako Itunaren Itzulera Araudi berria onartu ondoren, hemizikloko eurodiputatu talde handi batek "Send them back" oihukatu zuen, "itzuli itzazue". Beste eserleku batzuetatik berehala etorri zen erantzuna: "Shame on you". Lotsagarria.
Araudia izutzeko modukoa da eta onartu ondoko eszenak ikara sortu dit. Desadostasun politiko bat baino askoz gehiago erakusten du: gainbehera moral bizkorra. Migrazioaz ari dela ematen du, baina, egiazki, Europaz ari da, gutariko bakoitzaz. Antza, ahaztu egin dugu Europa sortu zela, hain justu ere, gisa horretako oihuak berriro entzun ez zitezen erakunde demokratikoetan. Uste nuen “bestea” deshumanizatzeak noraino eraman gaitzakeen ikasi genuela, Historian inoiz ordaindu den preziorik handienaren truke, gainera. Eta zinez uste nuen hori guztia ikasi genuelako eraiki genuela proiektu politiko hau, giza duintasuna, zuzenbide-estatua eta oinarrizko eskubideak ardatz dituena. Oihuen artean, bi Europa aurrez aurre irudikatu nahiko nituzke, baina ongi dakit Europa bera dela, betikoa, bere arrakalak agerian dituena.
Hitzek ez dute errealitatea deskribatzen bakarrik, antolatu ere egiten dute. Gizatiartu edo karikaturizatu egiten dute eta elkarrizketak ireki edo hormak altxatzen dituzte. Basakeria ez da indarkeriarekin hasten, askoz lehenago baizik, beste pertsonei buruz hitz egiteko modua aldatzen denean, pertsonak izateari utzi eta kategoriak bihurtzen ditugunean, ahulenak “etsai” izendatzen ditugunean hasten da. Polarizazioaren helburua ez da eztabaidak irabaztea, askoz errentagarriagoa den zerbait bilatzen du: gure tributik kanpo dagoenarengan gizatasuna ikusteari uztea.
Izugarrikeriaren alderdi kezkagarriena da hori, baina ez da arazo bakarra.
Europak bere buruari tiro egin dio oinean. Eztabaida politikoaren zati handi bat immigrazioa nola murriztu aztertzen ari den bitartean, kontinentea inoiz ez bezalako abiaduran zahartzen ari da. Lan egiteko adinean dagoen biztanleria gutxitzen ari da, pentsio-sistemaren gaineko presioa handitzen, funtsezko lanpostuak betetzeko zailtasunak ugaritzen. Aldi berean, enpresek gero eta ozenago ohartarazten dute talentua falta dela etorkizunerako estrategikoak diren sektoreetan.
Astero entzuten dugu produktibitateaz, berrikuntzaz eta lehiakortasunaz hitz egiten. Eta ataka horretan, energia politikoaren zati gero eta handiagoa pertsonak nola kanporatu eztabaidatzera zuzentzen da. Paradoxa bistakoa da; talentu faltaz etengabe ohartarazten duen kontinentean pertsonak bilakatu ditugu susmoaren jomuga nagusi.
Immigrazioak ez ditu berez gure arazo demografiko eta ekonomikoak konponduko, bistan denez, ez baitira mugak altxatuta ere desagertuko. Migrazio-fluxuak kudeatzeak arauak, plangintza, eskubideak eta erantzukizun partekatuak eskatzen ditu, baina gauza bat da fenomeno konplexu bat gobernatzea eta oso bestelakoa, berriz, gure garaiko etsai politiko nagusi bihurtzea.
Burujabetza edo autonomia ekonomikoa aldarrikatzen du Europak, eta zuzena da diagnostiko hori. Geure txipak ekoitzi nahi ditugu inoren menpe ez egoteko; gaur egungo testuinguruan gure burua babesteak zer eskatzen duen aztertzen dugu, edota energia-hornidura bermatu, industria-gaitasunak berreskuratu eta mendekotasun teknologikoak murriztu behar ditugula esaten dugu. Bitxia da, gero, askoz gutxiago hitz egiten dugula giltzarri den beste autonomia mota bati buruz. Gizarte batek ezin du benetan burujabe izan bere proiektuari eusteko eta bere burua berritzeko adina pertsonarik ez badu, baina autonomia demografiko estrategikoa segurtasun-arazoaz mozorrotu dugu.
Immigrazioa segurtasunaren edo mugen kontrolaren ikuspegitik aztertzen dugu ia soilik. Hori ere bada, jakina, baina batez ere, etorkizuneko Europako arkitektura ekonomiko, sozial eta kulturalaren parte da pertsona-fluxua. Ez naiz lanpostu hutsak betetzeaz bakarrik ari; berrikuntzaz, ekintzailetzaz, ongizate-estatuaren etorkizunaz eta, batez ere, gizarte batek bere buruari uko egin gabe berritzen jarraitzeko duen gaitasunaz ari naiz.
Edonondik begiratuta, Parlamentuko une hori mingarria egin zitzaidan, gure ordezkari demokratikoen partida batek lotsagarritzat jo beharko genukeen oihu bat txalotu zuen, Europak etorkizunean oparoa izateko behar duenaren kontrako neurri gizagabea eta ekonomikoki okerra ospatzen ari zen bitartean.
Mugek komunitate bat babestu dezakete —ez dut zalantzan jartzen—, baina muga berberak dira komunitate hori bera giltzapean utz dezaketenak, ihes egin ezinik. Aldea ez du hormaren lodierak markatzen, hormaren alde banatan babestu nahi dugun gizatasunaren ideiak baizik. Europa ez da inoiz lurralde hutsa izan, promesa bat ere izan da.
"Send them back" oihu hartan benetan kezkagarria ez da esaldia bera izan, areto barruko ondoko txaloak eta aretotik kanpoko isiltasuna baizik. Hitzak ez dira inoiz hitz hutsak izaten: lehenengo hizkuntza aldatzen dute; gero politika, eta konturatu orduko, gu geu ere aldatu egiten gaituzte.