Sheinbaum, energia ziabogarik bai?

Gaur, urriaren 1ean, Andres Manuel Lopez Obradorrek (AMLO) Mexikoko presidente izateari utziko dio, bere ibilbide politikoa amaituz. Nahiz eta ezkerrekoa izan, erregai fosilen babesle amorratua izan da AMLO.

Mexiko Hiriko alkate zela, bere garraio politika nagusia izan zen errepide baten gainean beste errepide bat eraikitzea. Autopista berri horri “segundo piso” izena eman zion. Behin presidente bihurtuta, sei petrolio findegi berriztatu zituen, eta findegi berri bat eraiki zuen Tabascon. Hori gutxi balitz, beste findegi bat erosi zuen Estatu Batuetan.

Elektrizitatearen arloan ere, AMLOren erabakiak eztabaidagarriak dira. Bera heldu aurretik, Mexikok elektrizitate eredu mistoa zuen. Eredu horrek CFE energia enpresa publikoa enpresa pribatuekin lehiatzera behartzen zuen. Egitura mistoak hamaika inbertsore pribatu erakarri zituen Mexikora, energia berriztagarriak eraikitzeko asmoarekin, baina berriztagarri uholdeak lehiaz kanpo utzi zituen CFEren ikatz eta petrolio zentralak. Zein izan zen AMLOren irtenbidea? Lehia gaitzetsi eta CFEren zentral kutsakorrei lehentasuna ematea, berriztagarrien kaltetan.

AMLOk agintaldia beteta, Claudia Sheinbaumek hartuko dio lekukoa, Mexikoko lehen presidente emakumea bilakatuz. Orain arteko presidenteak eta Sheinbaumek harreman estua dute: batera hasi ziren PRD alderdian, AMLO Mexiko Hiriko alkate eta Sheinbaum bere zinegotzi. Batera sortu zuten baita MORENA alderdi berria, eta AMLO presidente bihurtu zenean, Sheinbaumek alkatetza irabazi zuen.

Politikaz hartarago, Sheinbaum aldaketa klimatikoaren inguruko ikerlari goraipatua da. Lawrence Berkeley laborategi amerikarrean egin zuen doktoretza, eta Nazio Batuen Klima-Aldaketari buruzko Gobernu arteko Adituen Taldeko kidea da.

Kontraesana, beraz, saihestezina da: zein Sheinbaum gailenduko da? AMLOren neurri guztiak txalotzen dituen politikaria, edo aldaketa klimatikoaz kezkatuta dagoen ikerlaria? Hitz gutxitan: ausartuko al da Sheinbaum energia ziaboga egitera? Erantzuna datorren hilabeteetan ezagutzen hasiko gara.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK