Sormenean, beste gai batzuetan bezala badaude hainbat sinesmen. Gizarteak nolabait sinistu eta barneratu dituen “egiak”. Onartutako baieztapenak, inork kolokan jartzen ez dituen horietakoak.
Hemen dituzu pare bat. Gaur egungo fake news delakoen moduan, geroz eta garrantzitsuagoa da erdipurdizko egi horiek ezbaian jartzea.
Sormenerako askatasun osoa behar da, aukera amaiezinek hauspotzen dute irudimena: Gezurra!. Hara, egia da barne askatasunak sormena laguntzen duela. Barne askatasuna esaten dugunean bada autoestimua, epaitua ez sentitzea, fokua niregan jartzea eta ez hainbeste “besteek zer pentsatzen duten” horrek baldintzatuta egotea. Barnean aske sentitzen garenean, orduan sortzaileago gara. Baina zergatik esaten dut orduan aipatutako baieztapena faltsua dela? Ba kanpoko mugak gure sormenerako lagungarriak direlako. “Edozer” egin ahal badut, burmuina noraezean ibiliko da, eta, beraz, aukera seguru batean pentsatuko du. Betiko aukera bat. Berritzailea ez dena. Kanpoan mugak egoteak burmuinari indarra ematen dio. Burmuinak diolako: hemen arazo bat dago eta konpondu behar da. Nola konpondu dezaket? Bestela azalduta: kanpoan mugak egotea, marko bat, erronka zehatz bat izatea da sormenerako garrantzitsua. Hortaz, behar dugun benetako askatasuna zera da, barnetik datorrena. Erich Fromm-ek 1941-ean idatzi zuen Askatasunetik iheska liburuan dioen bezala, askatasun positiboa “norberaren baitatik ekiteko gaitasuna da, autonomia eta benetakotasuna eskatzen dituena”. Baina gure askatasunerako desira soilik kanpoko baldintzetan jartzen badugu, gure irudimenaren kontra joan daiteke. Kanpoan dauden muga horiek, baldintzek, zailtasunek, erronkei aurre egiteko motibazioa dakartelako. Beraz, sormena aplikatzeko: barnean askatasuna, kanpoan mugak.
“Handian pentsatzea da egin behar dena”:Think big? Ez duzu zertan. Batzuetan zure kontra bihur daitekeelako. Hau da, era organikoan edo estrategikoan hastea eta haztea, aurrerapausoak ematea bai noski motibatzailea bada, baina ez du laguntzen amets handiki-potoloak izateak, guztiz geldirik gaudenean. Ibiliz egiten da bidea, eta, beraz, geldirik gaudenean burutazioak izateak ez zaitu ahalduntzen. Analisia egiteagatik paralisia sortu baitezake. Handi pentsatzeak txikiagotu egin ahal zaituelako. Beraz, amets egiteak ondo egiten dio sormenari, baldin eta amets horren %0,01ean behintzat zure denbora ematen baduzu gaur eguneko errealitatean nolabait. Bestela, burutapen soil bat izango da. Amestea beharrezkoa da bai, eta, aldi berean, ideia horiek egia bihurtzeko jarrerak lagundu behar dio neurri batean. Bestela ideia horiek platonikoak bihur daitezke. Potoloegiak gure burmuinean. Ideiarekin platonikoki maitemintzen bagara, inoiz ez dugu nahi izango errealitate bihurtzea. Errealitatea inperfektua delako. Hortaz: Think big baina, hobe ideiak garatzen joatea, txikitik handira eta pausoz pauso. Ideiek eta pertsonaren ahalduntzeak elkar elikatu behar dutelako.
Nire ustez, bi sinesmen horiek badaukate zerbait komunean: pentsamendu hegemonikoak saltzen duen American dream horren ondorioak dira biak. Edozer egin dezakezu, eta gainera egiten duzun hori handia izan behar da bai ala bai. Esperientziak esaten dit pertsonen osasun mentala zaintzeko idealista izatea ondo dagoela, helburu eskuragarriak izanik. Eta sinesmen horiek ez-sinesteak eta norberak bere bidea eta bere sortzeko modua topatzeak eta errespetatzeak ematen digula benetako ahalduntzea.