Sinestezina

Instagramen gisa honetako esaldiak nonahi eta noiznahi topatu daitezke (eta ez bakarrik sare horretan, noski): “Ez sinistu pentsatzen duzun guztia”. Auto-hazkuntza, auto-laguntza edo automatizazioari zor zaion ez dakit, baina azken bolada honetan nirean behinik behin, barra-barra ari dira agertzen. Eta ikusiaren ikusiaz, joan den asteko bi gertakari ustez loturarik gaberekin nola edo hala lotuta dagoela otu zait. Sinesgaitza zitzaidan zerbait gertatu da, ez baten, bitan baizik.

Lehena, Suitzako Davos hirian. Goi-bileraren inguru-marian, izen handiko milioinari batzuk azaldu dira bertara, eta zer eskatu eta haiek bezalako pertsona dirudunentzako zergak handiagoak. Arrazoibide argia da: beste guztiek baino gehiago dute eta ondorioz, gehiago ordaindu nahi dute. Ez dute funts pribatuen erabilera pribatua soilik onartzen duen sisteman jarraitu nahi, jardun filantropiko propioa garatzea ez baita irtenbidea. Nork bere apetaren arabera ordaintzeari ezin zaio sistema demokratikoa (are etikoa) esan: gobernantza-sistemari dagokio bakoitzak bere aukeren arabera ordain dezan eskatzea eta, aldi berean, bakoitzak bere beharren arabera jasotzen duela bermatzea. Ezkerreko ekintzaileen protesta-deialdiekin bat eginez, kalean manifestatu dira mundu osoan zerga-sistema bidezkoagoak aldarrikatzeko.

Ez da kontu berria, lehendik izan direlako gisa bereko agerraldi gehiago ere, baina honek egokiera deigarria aurkitu du. 2021. urtean Taxmenow izeneko ekimena ezagutarazi zuten, hainbat pertsona dirudunek sortu duten elkarte alemaniarra, zeinak gobernuari eskatzen dion heredatutako ondarearen gaineko zergak handitu ditzan, aberastasun horiek demokratikoki bana daitezen. Munduko pribilegiatuen artean pribilegiatuenak dira horiek, batez bestekotik oso goitik dabiltzalako maila guztietan: denetarik dute beste guztiok baino askoz gehiago, dirua —eta horrek eskuratzen dien boterea— eta baita sistema barrutik aldatzeko gaitasuna ere. Aberastasuna erantzukizunik gabeko zerbait dela erakutsi digun sisteman arrakala sortzerainokoa izango den ez dut uste, baina amets egitea zilegi da.

Bigarrena, Zeelanda Berrian. Lehen Ministro Jacinda Ardernek karguari utziko diola iragarri du jendaurrean, bere borondatez eta sasiegietan babestu gabe. Argi eta garbi esan du nekatuta dagoela, agortu-edo egin zaiola herriaren gidaritza politikoak eskatzen duen energia jardunean egokitu zaion denboran zehar. Politikariak ere gizakiak direla esan die kazetariei bere erabakia azaltzeko, baina bere agerraldia entzuten eta ikusten ari nintzela pentsatu dut beste politikariei zuzentzen zitzaiela, bere xalotasunean, begien bistakoa den baieztapen horretan bat egin zezaten eskatuz bezala.

Alferrik izan da, baina. Askok txalotu dute bere ausardia, beste askok ahulezia leporatu diote, politikan nork bere balioei irmoki eusteko behar den kemena gutxietsiz. Ardernek ongi ikasi du zer den korrontearen kontra igeri egiteagatik ordaindu behar den prezioa. Emakumea eta gaztea da botere-sistemaren kodeetarako, bi bekatu barkaezin, behin eta berriro gogoratu dioten bezala. Boterea ez da “den bezalakoa”, geu garen bezalakoa baizik. Eredu bat baino gehiago dagoela erakutsi eta gero utzi dio karguari, edo agian, horregatik.

Gazi-gozoak dira joan den asteko bi gertakari horiek. Gutxi dira, gutxiegi, bide berriak urratzera ausartzen direnak. Baina egon, badaude. Sinesten jarraitu beharko dugu, bada.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK