• IRITZIA
  • Softwarea elektrizitatearen pare
Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Softwarea elektrizitatearen pare

2026ko maiatzaren 11 - 05:30
Eg. 2026ko maiatzaren 11 - 08:05
xabi murua 2022

Duela hilabete gutxi, enpresa batek arazo bati erantzuteko aplikazio bat behar bazuen, aukerak bi ziren: garatzaile bat kontratatu eta nork berea garatu, edo software estandarizatu bat kontratatu. Garesti atera zitekeen ekipo bat kontratatu eta garapen pertsonalizatuaren aldeko apustua egiten bazen; merkeagoa, baina pertsonalizatzeko aukerarik eza software edo produktu estandarizatu bat kontratatzen bazen. Hala ere, azken urteotako software merkatuko logika hori izan da: arazo konplexuak produktu digital bilakatu, eta interfaze garbi eta erabilerraz baten bidez, prozesu itsusiak eder bihurtzen topatu zuten negoziorako abagunea. SaaS ereduak industria aldatu zuen eta softwarearen demokratizazioa erraztu zuen: ordaindu, martxan jarri eta automatizatu. Baina azken aldian adimen artifiziala dela eta softwarea egin eta kontratatzeko logika erabat aldatzen ari da.

 

Gaur egun Claude, Codex edo Gemini bezalako ereduekin, prompt edo esaldi batean sistema informatiko oso bat sor daiteke. Esaldi batean sistema informatiko bat egitea posible dela esatea gehiegitxo da, baina ordu gutxitan plataforma bat, API bat, datu-base bat eta erabiltzaile interfaze bat izatea posible da, eta gainera, norberak eraikiak. Hodeian ezer alokatu gabe, norberarenak direnak; eta batez ere, profil tekniko sakon baten laguntzarik gabe.

Horrek zertara garamatza? Softwarea, produktu gisa, commodity edo oinarrizko baliabide batean bihurtzen ari ote da? Elektrizitatea, Internet edo uraren pare dagoela esan genezake jada? Softwarearen balioa desagertzen ari dela dirudi. Pentsa petrolioan, siderurgian edo telefonoan: lehen abantaila konpetitibo zirenak, gaur egunean oinarrizko ezaugarriak dira. Softwareak ere bide horretan daudela dirudi. Orain arte eraiki ditugun produktu digitalen edozeinen lehiakidek funtzionalitate berdina eraiki dezake egun gutxitan, eta ezerezean utzi urteetan eraikitakoa.

 

Hortaz, enpresa teknologikoek zer egin? Batzuek jadanik erantzuna eman dute: aholkularitzan murgildu; hau da, gakoa ez izatea software edo produktu digital bat eraikitzea eta merkaturatzea, baizik eta LLMa eta azpiegitura on bat aukeratuta, bezeroaren prozesuen araberako teknologia pertsonalizatzen eta martxan jartzen laguntzen duen zerbitzua eskaintzea. Kontsultoria bai, baina bezero bakoitzaren beharretara egokitutako kode-lerroz josia.

Tresnak denentzat dira eta edozein momentutan eraiki daitezke, bai, baina zer tresna, nola konfiguratu, non kokatu, eta zein datarekin elikatu jakiteak, gero eta balio gehigarri gehiago du. Softwarea ez da desagertzen, baina softwarea egiteak duen balioa beste leku batera mugitzen ari da: produktutik prozesu eta ezagutzara. Dena den, teknologia eta softwarea azkar eraikitzeko aukera azkartu den bezala, zaharkitzea ere azkartu egingo da. Gaur eraiki duzunak, hilabete batzuetara eraldatu beharra izango duzu eta moldagarritasun azkarrak eskatuko ditu lan-taldeetan, bai kulturalki eta bai teknologikoki. Enpresetan kodea idazteko bezain azkar ikasteko gai diren pertsonak behar ditu.

Desagertzen dena softwareak sortzeak ematen zuen abantaila iraunkorra da, eta orain ezagutza, diseinua eta exekuzioa dira diferentziazio iturri berriak. Tresnak berdinak izanda ere, ezberdin erantzun daiteke arazo berdin bati, eta hor izango dute abantaila diferentziala enpresek.