Historia surrealista kontatzera nator gaurkoan. Selfiak egitea gustuko duen presidente bat, sumendi bat eta default arriskua barne hartzen dituen historia, hain zuzen. Ez da Pedro Sánchez, ez. Espainiak zorpetze maila altua badu ere, urrun dauka porrot arriskua. Nayib Bukelez ari naiz, El Salvadorreko presidenteaz. 2019ko hauteskundeak irabazi zituen berak sortutako alderdi politiko baten izenean. Ezaguna dugu kontua. Gizarteak, krisi egoeraz nazkatuta, alternatiba berri baten alde egiten du. Donald Trumpekin ikusi genuen, eta Macronekin ere. Eredu politikoak herriarengandik urruntzen direnean jendeak alternatibak behar dituelako.
Selfiaren gizartean bizi gara, txioaren eta like onarpenen paradisuan. Bukelek oso ondo jakin izan zuen hori irakurtzen. Nazio Batuetan diskurtsoa egiten ari zela selfie bat egin zuen, baina hori gutxienekoa da. Hautagai berritzailearen jantzia ipinita irabazi zituen hauteskundeak, bozen % 53 lortuta. Enpresa-gizon arrakastatsua zen. Ba al zen inor hoberik herrialdea itotzen zuen finantza krisitik ateratzeko? Esan behar da El Salvadorrek ez duela dibisa propiorik. 2001ean Estatu Batuetako dolarra hartu zuten dibisa ofizial gisa. Zurea ez den dibisa bat, jaulki ezin duzuna, dibisa gisa hartzea oso arriskutsua da. Dolarrak behar ditu estatuaren gastuari eusteko eta hori esportazioen bitartez lortzen da. Atzerrira joandakoen diru sortak jasotzea bigarren aukera da. Eta horrekin nahikoa ez denean, estatuak zorpetu beharra dauka. Eta hori egin du azken urteotan. Bere zorpetzea izugarri handitu da, eta geroz eta dolar gehiago erabili behar ditu zorraren interesak ordaintzeko.
Arazoari aurre egiteko Bukelek erabaki surrealista hartu zuen. Dolarrarekin batera bitcoina izango zen El Salvadorko dibisa ofiziala. Aplikazio propioa sortu zuen bertakoek kriptodirua erosteko eta dirula ere eman zien kriptomunduan sartzeko. Hori nahikoa ez eta 1.000 milioi dolarreko bonuen jaulkipena egitea erabaki zuen, bitcoinetan. Sumendi bonua deitu zuen.
Bere kriptodiruarekiko zoramenak ez du etenik. Conchaguako sumendiaren magalean Bitcoinaren hiria egitea erabaki du. Sumendiak isurtzen duen energia erabili nahi du bitcoinak lortzeko hain ezaguna egin den meatzaritza prozesua energiaz hornitzeko. Milaka zerbitzari behar dira meatzaritza lana egiteko. Sumendiak kriptohiria energiaz hornituko du. " Plana sinplea da: mundua tiranian erortzen denez, askatasunerako egoitza bat sortuko dugu". Horrela iragarri zuen Twitterren, nola bestela. Naturak ireki dio askatasunari bidea. Hori baino iraultzailegaorik al dago?
El Salvador ez da kriptodirua dibisa ofizialtzat hartu duen herrialde bakarra. Aurreko astean Afrika Erdiko Errepublikak ere Bitcoina besarkatu du. Afrikako herrialderik txiroenetakoa da, nahiz eta lehengaietan oso aberatsa izan. Interneterako konexioa soilik populazioaren % 10 du.
Nekez ulertu daiteke bitcoinaren aldeko hautua. Finantza publikoen bitcoinizatzea arriskutsua da oso. Aktibo oso hegazkorra da. Urte honetan bere kotizazioa % 16 jaitsi da. Atzo bitcoinak bere balioaren % 7,84 galdu zuen, egun bakarrean. Urtarrilean zehar hondamendia %36ra ere heldu zen. Herrialdearen finantza egoera arriskuan jarriko al du hain errez? Nazioarteko Diru Funtsak arriskuaz ohartarzi zion El Salvadorri eta Bukelek The Simpsonseko meme bat erabilita erantzun zion Twitterren. Non bestela?
Baliteke etorkizunerako apustua izatea. Baliteke El Salvador eta Afrika Erdiko Errepublikek bitcoinak metatu nahi izatea urte batzuk igarota, behin kotizazioa igota, lortutako aberastasun hori herriari emateko. Aberastasunaren banaketa bitcoinak ekarriko al du? Ez dut uste egia esan.
Ez dakit politikariak herriarengandik urrundu diren edo guk gure ardurei uko egin diegun. Ekonomia (eta herri osoa) besteen esku utzi al dugu? Aberastasuna birbanatuko duen gizarte bati uko egin al diogu? Gu ere Instagram eta Twitterreko lider distiratzaile baten esperoan al gaude? Bitcoinak salbatuko al gaitu? Soilik bitcoinak salba al dezake herria?