Udako solstizioak mundua begi zaharrekin ikusteko aukera eskaintzen digu eta modaz kanpo dagoela eman dezakeen arren, pribilegio bat da. Denbora ohikoa ez zaigun modu batez behatzekoa, iraganaren aurriak berpiztekoa, folklorikoki bada ere. Outlook-egutegiko abisua bihurtu aurretik, denbora jario naturala izan zela ikus dezakegu, tarte labur batez bada ere. Gure herriko plazetan edo hondartzatan pizten ditugu suak, gure arbasoek piztu zituzten toki eta une berberetan, baina antzik ere ez dago. Guk ez dugu gure denbora ilargiaren faseen arabera neurtzen ezta antolatzen ere, guri bost axola zaigu naturaren erritmoa. Guk edozein urte, hilabete edo egunetan edozer egin dezakegu.
Guk ez dugu gure denbora antolatzen: denborak gu antolatzen gaitu.
Aro modernoaren ezaugarrik behinena izan zen: gure kontrolpetik at zeuden indar naturalengandik, jainko eta jainkosengandik, askatu egin ginen, eta horretarako —defentsarik onena erasoa delakoan, edo— geuk hartu genituen indar horiek guztiak mendean, Gu nagusitu ginen ordura arteko nagusien aurrean. Beraz, askatu nahi izan genuelako, bada, iritsi gara denboraren esklabu izatera.
Denborak basoaren usaina galdu zuen, eta lantegiko kearena hartu zuen. Eskumuturrean jarri genuen erlojua, lagungarria zelakoan, baina esku-burdin bilakatu zen. Bizitza naturalaren erritmoak baztertu genituen eta ekoizpenaren erritmoa jarri genuen erdigunean. Zortzi orduko lanaldiak txertatu genituen gure zerebroaren barne-tolesik ezkutuenetan ere eta horrela, ia ohartu ere egin gabe, aldi ekonomikoak nagusitu ziren bizitzaren arlo guztietan. Zertarako behar dugu solstizioa, gure bizitzari ez badio ezertan eragiten? Udako oporrak bai, ordea, horrela askoz modu zehatzagoaz azaltzen baita zer den bizitzea: ekoizpen-aldi luzeak eta ekoizten jarraitu ahal izateko ezinbestekoa zaigun atseden-aldi laburragoak antolatzen dituen bizitzeko modua.
Alferrik da horri nola aurre egin diezaiokegun hausnartzea, aldi hori ere agortu baita jadanik. Jadanik ez da lantegia gure bizitzaren erritmoak markatzen dituena, algoritmoek baizik. Bizitza digital berrian, ez dago zortzi ordukorik, dena jarioa baita, dena oraintxe da, dena etengabe da. Denbora ez da gelditzen, ezta geu ere. Gaur egun, trantsizio berri baten erdian gaudelarik, ez dakigu ongi nola kudeatu etapa berri honi dagokion denbora.
Arreta ondasunik preziatuena bilakatu da, eta iheskorra da, etengabe zatitu egiten baita, pantailaz pantaila, mezuaz mezu. Nekatuta zaude, irakurle? Bada, ez begiratu soilik lan-zamari, egutegiari edo erlojuari. Begiratu egiozu zure inguruari ea zentzurik aurkitzen diozun, neke hori haustura berriaren seinalea ere badelako: aurreko denbora-sistema zaharkituta geratu da, eta berria ez dugu oraindik ulertzen.
Eraldaketa digitalaz hitz egiten denean, teknologia jarri ohi dugu erdigunean, zer datorren usnatzen ari garen bitartean. Agian, iritsi da unea denboraren gramatika berriaz ere hitz egiteko, hausnartzeko, ikasteko. Lanaren emaitzak neurtzeaz gain, horren guztiaren zentzua ere kontuan hartuko duena. Jarduerak nola uztartuko ditugu antolatuko duen erritmo naturalak ere errespetatuz, atsedenaldiak, kontenplazioa, elkarrizketak, zain egotea bera ere bere baitan hartuta. Ez dakit zein diren gramatika horren oinarriak, baina esango nuke abiaburuan gure gorputzak eta taldeak entzutea ezarri beharko lukeela. Gure gorputzak eta gure taldeek ozen esaten dutelako nekatuta daudela.
Eraldaketaren erritmoa bizkorra da, oso, baina horrek ez du esan nahi geuk ere bizkor bizi behar dugunik, korrika joan behar dugunik nora goazen ez dakigula. Lurralde Miresgarrian Aliziak aurkitu zuen Untxi Zuriak ongi zekien hori.
Abantaila lehiakorrez etengabe hitz egiten duten erakunde eta enpresek hortxe dute aurrerago joateko aukera: denborarekin duten harremana birpentsatzea eta eredu alternatiboak probatzea, presentzia ez dela errendimenduarekin nahastu behar ulertzea.
Clarissa Pinkolak, antzinako emakumeen kondairak eta ezagutzak ikertuta esan zuen bezala, «denborak bakarrik daki zenbat denbora behar duen gure arimak». San Joan suak zaharra erre eta barrutik berritzeko egokiera zen gure arbasoentzat. Hortik has gintezke, adibidez.