STEM enbaxadorea naiz

Mendeetan zehar, emakumeontzat oso zaila izan da STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika arloen siglak ingelesez) ikastea. Lortu duten gutxien artean, egin duten ekarpena ikusezin bihurtu da, besteak beste gizonezko lankideei meritua emateko —Matilda Efektu ezaguna—. Aldaketak gertatzen ari diren arren, oso motelak dira, eta oraindik ez da parekagarria komunikabideetan zientzia eta teknologia arloetan gizonezkoen eta emakumezkoen presentzia. Gure espazio publikoa aldarrikatzen jarraitu behar dugu, arlo horietan egiten dugun lana agerian jartzeko.

Hala ere, agerian jartze hori geugandik hasi behar dugu. Zein lan egiten dugun, zein proiektutan parte hartzen dugun, edo erakundeei eta gizarteari zein ekarpen egiten diegun erakutsi eta horri merezi duen balioa eman behar diogu. Oso gutxitan entzuten ditut nire inguruko emakumeak beren lanari, eskuartean dituzten proiektu eta zereginei, edo lanbidearen garrantziari buruz hitz egiten.

Egiten duguna ezagutarazteak eragina du gizartean, eta garrantzitsua da txikitatik neska-mutilekin partekatzea, haien interesa eta jakin-mina pizteko. Horrela, zientzia eta teknologiako hainbat erreferente erakusten ditugu, ibilbide pertsonal eta profesional oso anitza duten hurbileko pertsonak, eta diziplina ugari horietako sektoreak eta aplikazioak, askotan, ustekabekoak. Zientzia eta teknologiaren irudi positiboa transmititzen dugu, zalantzazko interesak dituzten enpresa handiek batzuetan eragiten duten prentsa txarraren aldean. Egiten duguna erakutsiz eta garen bezala agertuz, askotan errealitatetik hain urrun dauden STEM lanbideei eta profesionalei buruzko estereotipoak hausten ditugu.

Hori dela eta, nire lehenengo kolaborazioa hasi nahi dut esanez Deustuko Unibertsitatean lan egiten dudala etorkizuneko ingeniarien belaunaldiak prestatzen, STEM hezkuntzarekin (batez ere pentsamendu konputazionalarekin) lotutako I+G proiektuetan parte hartu eta horien lidergoan aritzen naizela, eta neskek arlo horietan duten interesa sustatzeko lan egiten dudala. Zuzentzen dudan taldetik, ezagutza guztia hezkuntza sistemara bideratzen saiatzen gara hainbat ekintzaren bidez (prestakuntza, tailerrak, hitzaldiak, materialak, etab.). Horrez gain, nire hondar-alea jartzen saiatzen naiz nire komunitate hurbilean (Sapuherri Boleibol Taldea, Kurutziaga ikastola,...). Bizitza pertsonal aberatsa dut nire alabekin, nire familiarekin eta lagunekin, eta berriketaldiak, mendi-irteerak, bizikleta ibilbideak, bidaiak, zinema edo antzerki tarteak partekatzen ditut haiekin. Eta hori guztia STEM enbaxadore izatearen barruan sartzen da: #InspiraSTEAMnaiz

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK