Streaminga eraldaketa betean

Streaminga eraldaketa berri batean murgilduta dago. Merkatuko liderra den Netflix plataformaren publizitatedun oinarrizko harpidetzaren iragarkiak garai berri bati eman dio hasiera, non publizitatea harpidetza-plataformen aliatu finantzarioa izango den. Orain iragarleak ditu jomuga: Netflixek lortuko al du iragarkien plan berriarekin telebista tradizionalaren negozio-eredua higatzea?

Gaur egungo Netflixek ez du zerikusirik 2007koarekin. Hirugarren ekoizleen edukia prezio eskuragarrian zuen harpidetza-plataforma gisa sortu zena, premium zerbitzu bihurtu da gaur egun, askoz ere garestiagoa eta batez ere, eduki original askorekin. Aste honetan, beste mugarri bat jarri du konpainiaren historian: oinarrizko harpidetza berri bat iragarri du, hilean 5,45 euro balioko duena, eta aldaketa handi batekin: iragarkiak.

Netflix lehena izan zen streaming plataformen artean. Merkaturatu zen garaian kontzeptua bera zen nobedade, zinea etxean eta prezio berean. Streaming-plataforma bera zen zerbitzua, eta orduan nahikoa zuen hirugarrenek ekoitzitako pelikulak bertan eskainita Garai hartan Netflix asko hazi zen, milioika harpidetza saldu zituen, eta first takes all —lehenengoak dena hartzen du— logika aplikatzen hasia zen konpetentzia azaldu zen arte. Merkatuan lehenengoa izateak ez du esan nahi bakarra izango denik bizi osoan, eta hala gertatu zen. Laster iritsi zen Amazon Prime, HBO, Disney edota Filmin bezalakoen lehia gogorra. Konpetentziak streaming plataformak merkaturatu zituenean, Netflixek estrategiaz aldatu behar izan zuen, ordurarte nobedade zen teknologia-zerbitzuak balioa galdu baitzuen, eta eduki originala ekoizten hasi zen. Horrek zerbitzua garestitu zuen, produktu premium bezala posizionatuz.

Prozesu horretan, aldaketa handi bat gertatu zen: balio erantsiko proposamena streaming zerbitzua izatetik, eduki original eta pertsonalizatua izatera igaro zen. Horrek, eduki originala sortzeko kapitalean oso intentsiboa izan eta arrisku handiko apustuak egitera behartu zuen konpainia, eta batzuetan asmatu bazuen ere, konpetentzia merkatua irabazten hasi zitzaion gutxinaka-gutxinaka.

Garai horretan, 2019. urtearen bueltan, Netflixek erabaki garrantzitsu bat hartu zuen: harpidetzaren prezioa igotzea. Film eta telesailak ekoizteko behar zituen inbertsioak ikusita, zerbitzua premium bilakatzearen aldeko apustua egin zuen berriro ere. Horrek milaka erabiltzaileren exodoa eragin zuen plataforma amerikarrean; 2022ko bigarren hiruhilekoan bakarrik ia milioi bat erabiltzaile galdu zituen, eta burtsan balioaren beherakada bortitz bat eragin zuen.

Azken berrien arabera, ordea, enpresak aurretik hartua zituen erabakiak irauli, eta estrategiaren norantza birmoldatu du harpidetza gorakada berriarekin batera: publizitatean eta prezioan oinarrituriko harpidetza. Merkatu bat heldutzen denean, prezioen gerran sartzeko tendentzia areagotzen da, eta ikus-entzunezko plataforma horiek ez dira salbuespen izan. Enpresek etengabe dihardute negozio-ereduak pibotatzen, konpetentziak egiten duena zaintzen eta behar denean erabakiak hartzen. Netflixen azkena publizitatearen munduan sartzea izan da: prezioa jaistearen truke publizitatea erakutsiko du, 4 minutu ordu bakoitzeko iturri ezberdinen arabera. Netflix bezalako konpainiaren mugimendu honek, gainontzeko plataformak erabakiak hartzera behartzeaz gain, telebista industriaren flotazio-marra ezbaian jar dezake. Adi eta tentuz jarraituko ditugu datozen asteetan merkatuan izango diren mugimenduak. Streaminga eraldaketa berri betean murgilduta dago

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK