• IRITZIA
  • Suspertze politikak eta krisi klimatikoa
EHUko irakaslea eta BC3ko ikertzaile elkartua

Suspertze politikak eta krisi klimatikoa

2022eko apirilaren 28a
Elisa Sainz de Murieta

Pandemiak pertsonen osasunaren gaineko eragin izugarria izateaz gain, gure sistema sozioekonomikoen haustura handia ere eragin du. Osasuna kolokan dugunean, egiten dugun lehenengo gauza lehentasunen berrantolaketa da, eta pandemiak berak eta honek sortutako krisialdi ekonomikoaren ondorioz, albo batera geratu den gai horietako bat klima aldaketa izan da. Eta jakinaren gainean gaude, hau badela gure gizartean, ekonomian, ingurumenean eta osasunean ere eragingo duen beste arazo larria.

 

Ez ziren gutxi izan pandemiak sortutako osasun eta ekonomia krisiari erantzuteko orduan klima-aldaketari aurre egiteko neurriak aintzat hartzeko eskatu zuten ahotsak. Mundu osoko gobernuek hainbat neurri eta politika jarri dituzte martxan, hazkunde ekonomikoa suspertzeko, ekonomiak jasandako shocka arintzeko, enpleguak sortzeko eta pandemiaren aurkako borrokan funtsezkoak diren sektoreei laguntzeko. Baina laguntza hauek klima-larrialdiari aurre egiteko ere balio dute?

Galdera honi erantzuteko, Energy Policy Tracker ekimena jarri zen abian. Honen helburua da pandemiak eragindako krisiari ikuspegi klimatiko eta energetiko batetik erantzuteko hainbat herrialdek eta erakunde multilateralek hartu dituzten politiken jarraipena egitea. Horrela, hainbat sektoretan energiaren ekoizpenean eta kontsumoan eragina duten politikak identifikatu dira, energia fosilak edo garbiak babesten dituzten aztertuz.

 

Ikertutako 31 herrialdeetako datuek erakusten dutenez, 2020ko urtarriletik 880.000 milioi dolar baino gehiago inbertitu da energiarekin lotutako berreskuratze-politiketan; horietatik % 41 energia fosilekin lotuta egongo litzateke, % 37 energia garbiekin eta gainerako % 22 bestelako energiekin. Espainian, 15.505 milioi euroko funtsen % 77 energia garbiekin lotutako politiketara bideratu da. Europan adostutako suspertze inbertsio nagusiak estatu mailan kudeatu dira hein handi batean, baina EAE eta Nafarroako gobernuek ere bideratu dituzte berreskurapenerako funtsak. Nafarroaren kasuan, energiarekin erlazionatutako 3,3 miloi euro mobilizatu dira, guztia energia garbiekin loturikoa. Eusko Jaurlaritzak 190 milioi euro mobilizatu zituen, horien % 40 energia garbiekin loturikoa; gainontzeko % 60 beste energia bezala sailkatu da, politika horiek hainbat energia mota babesten dituztelako, garbiak zein erregai fosiletan oinarritutakoak.

Noski, Ukrainaren inbasioaren ondorioz litekeena da energiaren inguruko egoera guztiz aldatzea, baina hori gertatu aurretik argi esan dezakegu mundu mailan pandemia osteko suspertze-politiken zati handi bat erregai fosiletara bideratuta dagoela. Horrek aurrez aurre egiten du talka berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko eta klima-aldaketaren inpaktuak geldiarazteko helburuekin. Aldi berean, Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak aurten argitaratutako txosten bietan mezu argia utzi digu: klima-aldaketaren ondorio larrienak sahiesteko garaiz bagabiltza ere, aukera-leihoa azkar ixten ari zaigu.