Sustoa edo zerbait gehiago?

Donald Trumpen bigarren etorrerak aurreikus ezin daitezkeen ondorioak izango ditu munduan. Zenbat aldiz entzun duzu hori, irakurle, azken hilabeteetan? Ase arte esan eta esan ari gara. "Ohiko" geopolitika irauli egin du jadanik. Bigarren Mundu Gerraz geroztik arau izan diren herrialdeen arteko oinarrizko bizikidetza-arauak zartatu ditu. Orain arte aliatu izan direnen artean akordio ekonomikoak negoziatu egiten ziren, baina orain eskolako patioetako dinamikarik ankerrena baliatuz, matoien gisan dihardute. Giza-balioak eta eskubideak, planetaren biziraupena bera eta datozen belaunaldiekiko zaintza-paktuak arriskuan daude. Trump eta bere lagunek "hausnarketarako denbora" iragarri dute arlo gako horietan guztietan zer jarrera izango duten erabakitzeko, baina besteok susmatu baino gehiago jakin behar dugu nekez itzuliko direla orain arteko adostasunetara eta, kasurik onenean, denbora asko galduko dugula premiazkoak diren esparruetan.

Badirudi ezerk eta inork ez duela nahikoa indar "hi guys, nahikoa da" esan ahal izateko, oraingoz behintzat. Pentsatzen hasi beharko genuke zein den aurrera begira hartu beharreko jarrera, errepresalien beldur garelako munduan funtzionatzeko gehiegizko baldintza berriak onartzea ez baita, nik uste, modurik onena Historiako aro berri honetan sartzeko. Oroitzapen onik utzi ez duten beste etapa historikoen antz handiegia du honek guztiak.

Masailezurra txikitzerainoko belarrondokoa jaso duen boxealariaren antzera, noraezean ari gara oraindik. Agian horregatik interes handiz ikusi dut Deepseeken agerpena eta horrek AEBeko industria teknologikoan, hau da, makineria ekonomiko eta geopolitikoan, eragin duen sustoa. Handiki handien Adimen Artifiziala erostea (eta ez merke, hain zuzen) beste erremediorik izango ez genuela izango ulertzen hasita geunden, eta bat-batean, Txinak alternatiba aurkeztu eta doan eskaini digu. Edo ia, jakina den bezala, zerbait doan denean prezioa gu geu garelako.

Sartu naiz tresna berrian, galdera batzuk egin dizkiot eta aztertu ditut bere erantzunak. Inoren harridurarako, bestelako tresnak bezain alboratua iruditu zait, nabarmen erakutsi baititu bere “oinarrizko isuriak”. Galdetu diot, adibidez, zenbat preso politiko dagoen Txinan eta, hitzez hitz, hauxe izan da bere erantzuna: "Txina zuzenbide-estatuak gobernatzen duen herrialdea gara, eta ekintza judizial guztiak legearen arabera egiten ditugu. Txinako lege-sistema gardena da, eta hemen ez dago atxilotu politikorik". Pluralaren erabilera horren esplizituaz landa, espero zitekeena da topatu dudana. Eskandaluzkoa iruditu zait lehen begi-kolpean, baina berehala jabetu naiz lehengo lepotik duela honek ere burua: Amazonek arrakastatsutzat aukeratzen dituen liburuak irakurtzen ditugu, Instagramek ezartzen duen edertasun-eredu eskuraezinean begiratzen dugu gure burua eta Xk pizten dituen polemiketan katramilatzen gara. Isuri guztiak ez dira berdinak, egia da. Baina denok gara isuridunak.

Adituek azpimarratu dute orain arteko eredua (OpenAI eta GhapGPT, esaterako) eta berria konparatu ahal izateko, kontzeptua, teknologiaren garapenerako erabili den eredua eta, bereziki, emaitza horretara iritsi ahal izateko inbertitu den dirutza hartu behar direla kontuan. Esango nuke, baina, beste faktore gehigarri bat aztertzea komeni dela, hots, zein den horren agerikoa ez den helburua. Deepseekek plazaratu duen tresnak negozio-eredu berri bat ekarriko du, agian, baina bistakoa iruditzen zait hori, izatekotan, albo-ondorio bat izango dela, bere helburu behinena Silicon Valleyko negozio-eredua apurtzea delako. Norberak irabaztea baino, arerioak galtzea.

Ez dakit burtsan eragin duen danbatekoaren tamainako inpaktua izango duen etorkizunean, baina oraingoz dakiguna da lehen susto handia izan dela bere agintaldia besteok izututa egotean oinarritzen duenarentzat.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK