Talde-dinamiken bidez ikastea: enpresen etorkizunerako giltza?

Lan mundua aldaketa bizian dago, eta erronkak gero eta handiagoak dira. Trebetasunak, pertsonaren lan konpetentziak, komunikazio eraginkorra eta talde lana funtsezko bihurtu dira. Lan-kulturan aldaketak behar ditugula argi dago. Baina, oraindik ere, enpresa askotan prestakuntza zaharkitua eskaintzen da. Errealitatetik urrun dauden ikastaro magistralen metodologiak erosoak dira -antolatzeko errazak, parte hartzerik eskatzen ez dutenak-. Ez, ordea, guztiz eraginkorrak. Zer egin dezakegu enpresetan nahi den eraldaketa hori formakuntzetan txertatzeko?

Jolasen bidez ikasi eta entrenatzea ez da gauza berria. Suhiltzaileek sute-simulakroak egiten dituzte egoera errealetan nola jokatu behar duten ikasteko. Zuk zeuk ere egiten dituzu simulakroak, lan-arriskuetako teknikariak agintzen duenean. Hegazkin pilotuek simulagailuak erabiltzen dituzte benetako hegazkin bat gidatu aurretik. Izan ere, jaiotzen garenetik jolasaren bidez ikasten dugu. Bizitzen ikasteko modu bat da. Ingurune seguru batean esperimentatzeko modu bat. Orduan, zergatik ez erabili logika bera enpresetan?

Jolas serioak, -ingelesez serious games-, esperientzia ludikoen bidez ikaskuntza eraginkorra sustatzen duten tresnak, benetako erabakiak hartu eta talde lana indartzeko ingurune seguru bat eskaintzen dute. Jokoaren bidez, langileek ez dute soilik ikasten, baizik eta praktikan jartzen dituzte erabakiak hartzeko gaitasuna, gatazkak kudeatzeko moduak eta lankidetzarako estrategiak.

Enpresa askok oraindik zalantzan jartzen dute horrelako tresnen erabilgarritasuna, eta metodologia berritzaileen aurrean erresistentzia erakusten dute. Baina galdera da: betiko formakuntza pasibo eta teorikoekin, lortzen ari ote gara nahi dugun aldaketa hori? Jesarrita eta Power Point bat ikusten egoteak ematen al digu benetan eraldaketarako aukerarik?

Gaur egun, erakunde askotan oraindik lehiakortasuna adimen kolektiboaren aurretik jartzen da, eta talde lana gutxietsia izaten da. Euskal Herrian, kooperatibismoaren tradizioa izan arren, enpresa askok oraindik ere egitura hierarkiko zurrunekin jarraitzen dute. Hortaz, serious games horiek aukera paregabea dira, taldean lan egiteko modu berriak garatzeko eta barne-kultura eraldatzeko.

Ikaskuntza modu esperientzialak Europan urteetan errotutako metodologikoak dira, hori bai, normalean arlo sozialean eta hezkuntzan erabili ohi izan direnak. Enpresetan behar den aldaketa lortzeko modu bat da, neurozientziak erakutsi duelako jokoetan parte hartzeak dopamina askatzen duela, motibazioa eta oroimena hobetuz. Gainera, ingurune seguru batean akatsak egitea eta haiengandik ikastea askoz eraginkorragoa da, langileen sormena eta egokitzeko gaitasuna sustatzen dituelako.

Talde dinamiken bidez ikasteak prestakuntza aktiboa, parte-hartzailea eta esperientziala eskaintzen dute, eta, batez ere, hausnarketa sakonerako bidea zabaltzen dute. Enpresa batek etorkizunean aurrera egin nahi badu, ezinbestekoa da metodologia horiek bere formakuntza estrategian integratzea.

Beraz, galdera ez da zuk zeuk pertsonalki metodologia horiek gustuko dituzun ala ez, baizik eta ea erabilgarriak diren ala ez. Eta ea prest al zauden enpresan prestakuntza metodoak eraldatzeko, helburu berriak lortzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK