Talde ekintzailearen garrantzia

Enpresa edo proiektu ekintzaile baten hastapenetan gehien landu eta kontuan hartu beharreko elementu nagusiaz arituko naiz zutabe honetan: pertsona-taldea. Askotan ideia edo produktuari erreparatzen diogu gehien: ideiaren garapena, garapen teknologikoaren prozesua, merkaturatzeko estrategia, komunikazio plana, etab. Baina atzean dagoen lan-taldeari nork erreparatzen dio? Zenbateraino behar du izan talde horrek espezialista produktu edo zerbitzuan? Osagarritasuna nola lortu? Eta ekintzaileen arteko akordio edo bazkide-ituna? Nekez erreparatzen diogu lan-taldearen profilen osagarritasunari, soft-skillen garrantziari edota talde ekintzailean hitz egin beharreko gai edo akordioei buruz. Gai tabuak direlako edota nagikeria hutsagatik bada ere, hel diezaiogun garaiari berandu baino lehen.

Enpresa baten hasierako faseetan ekintzaile talde bat sortzea funtsezko urratsa da enpresak epe luzera arrakasta izan dezan. Gaur egun, lan-taldearen espezializazio edo ezagutza maila ezinbestekoak badira ere —are gehiago produktu edo zerbitzua oso teknikoa bada— garrantzitsuagoak izaten dira ikasi ezin daitezkeen edo lankideak berezkoak dituen trebetasun bigunak. Oro har, ikasi duguna ikasi dugula, derrigorrezko hiru galdera erantzun behar dira talde ekintzaile batean: gutariko nork eramango ditu finantzak eta zenbaki-kontuak? Nork lortuko ditu lehen bezeroak? Nork garatuko du produktu edo zerbitzua?

Bigarren osagai nagusiak grina eta konpromisoa dira. Taldeko kideek grinatsu eta enpresaren ikuspegiarekin konprometitua egon behar dute, enpresa egonkortu edo arrakastara iristeko bidean sor daitezkeen ezbeharrei aurre egiteko prest egoteko. Horretarako oso gomendagarria da lankideren batek ekintzailetza aurrekariren bat bizi izana. Ez da berdina enpresa baten lehen nota lehen aldiz jo edo partitura bat irakurtzen eta interpretatzen jakitea; nota guztiak ez ditugu lehenengoan ondo joko, baina dagoeneko baditugu melodia, erritmoa eta momentu kritikoak buruan. 

Dena den, egiari zor, grina eta konpromisoaren indarraz asko egin badaiteke ere, arriskua lan-taldearen gain hartzeko atalase altua izatea ezinbestekoa izango da. Ekintzaile izatea pribilegio hutsa da, eta gutxiengo baten eskura dago; izan ere, proiektuaren hastapenetatik bezerorik hitzartuta ez badugu —normala litzatekeen bezala— posible da lehenengo aste edo hilabeteetan zentimo bakar bat ere ez irabaztea. Egoera horretan burua argi izateko ekintzaile taldeak prest egon behar du, eta aurretik negozio-plan bat lerrokatzea derrigorrezkotzat ematen dut.

Enpresa bat sortzen ari bazara eta taldea osatu behar baduzu, negozio-ereduaren hiru behar kritikoak asetuko dituen profilak lortu. Talentu hori zeureganatzeko, proiektuaren potentzialitatea ondo azaldu erakargarri egin dagien, eta equitya edo enpresaren partaidetzak eskaini, beldurrik ez! Benetan bidelagun izango diren kideak badira eta joko-arauak ondo ulertzen badituzte, bildu daitezela ekimenera.

Azkenik, hitz egin eta zehaztutako terminoak bazkide-itun batean idatzita utzi eta sinatu lan-taldearen artean. Ez utzi aurreragorako, baldintza edo egoeraren arabera interpretazio asko egon baitaitezke lan-taldean. Talde ekintzailearen ilusio, grina eta giro onak ez ditu zertan gai horiek saihestu edo atzeratu behar. Alderantziz, aprobetxatu lehenbailehen akordioak paktatu eta ituna sinatzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK