Talentu-ehiztariak izan behar gara

Belarrira ondo egin al dizu tituluko esaldiak, irakurle? Niri ez, behintzat. Egon lasai, ez du inork halakorik esan, ez nik dakidala behintzat. Proba egin nahi nuen, ingelesezko talenthunter edo headhunter hitza euskarara ekartzeak zer-nolako erreakzioa sortzen zuen ikusteko. Talentua ehizatu behar dugu. Hori gustukoago duzu? Nik ere ez. Min eta dena egiten dit. Eta gainera oldarkorra iruditzen zait.

Zorionez, euskaraz baditugu hitzak hunting ordez erabiltzeko. Agian, erakarri da azken urteotan gehien zabaldu dena. Baita bueltan ekarri ere. Arazoa bikoitza delako: jendea falta da enpresetan, belaunaldi erreleboa gauzatzeko, baina falta den jende horretako asko beste herrialde batzuetara joan da, izan beharragatik, izan ibilbide profesionala aberasteagatik.

Jende horri buruz hitz egiteko talentua terminoa da denon ahotan dagoena. Aitzitik, Euskaltzaindiako hiztegian talentua gaitasun berezia eta adimena da. Besterik ez. Pertsona talentuduna da, eta ez talentua. Gazteleraz, RAEk onartzen du pertsona izendatzeko ere erabiltzea; ez, ordea, euskaraz. Eta ez dut uste nonahi entzuten ditugun erakunde eta enpresetako ordezkariek soil-soilik ezagutza edo gaitasun bereziak nahi dituztenik. Horiek, noski, gakoak dira; baina horiek garatuko dituen jenderik gabe, jai daukagu. Adimen artifizialarekin ez baita nahikoa, askotan ahaztu egiten bazaigu ere.

Kontua ez da puritanismoa aldarrikatzea, ezta den-dena komunikazio kontua dela adieraztea ere. Baina baliteke arestian aipatutako guztiak zenbait zantzu ematea langile faltaren erronkaren kudeaketa gauzatzeko egin behar dugun bideaz. Hizkuntza baten edo bestean gauzak berdin esaten ez diren edo hitzek adiera desberdina izan dezaketen bezala, agian gakoa da bide propio bati eustea lengoaia partekatua eraikita.

Noski, badira zenbait gauza hizkuntza baten edo bestean esanahi berdintsua izan ohi dutenak, eta horiek ere gehitu behar dira pertsonak erakarriko badira. Lan baldintza duinak, hazteko eta ikasteko aukerak, malgutasuna posible den kasuetan, lan giro ona, hizkuntzen eta dibertsitatearen kudeaketa egokia. Nahiko eskakizun unibertsalak iruditzen zaizkit —edo hala beharko lukete—, eta horietan lan egitea bada dagoeneko erronka fina. Baina, aldi berean, talentuak hegan egiten jarraituko badu, migrazio ibilbidean ezinbesteko geldialdi bihurtzeko kondizio propioak sortu, garatu eta helarazi behar ditugu, bereizi egingo gaituztenak. Dagoeneko oinarrian dauden alderdi batzuk har daitezke abiapuntu: eremu geografiko nahiko txikia izatea edo zerbitzuen kalitate onargarria —atzera egiten ari bagara ere—. Baina ez da nahikoa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK