Tamaina garrantzitsua da

Euskal Herrian beti egon gara oso harro gure enpresa txiki eta ertainen sareaz. Gaztelaniazko PYME akronimoa aipatzen dugunean (euskaraz ETE deitzen ditugunak; ondo dakigunez, hizkuntza gutxituen akronimoak ez dira, zoritxarrez, hain arrakastatsuak izaten) enpresa mota jakin baten irudia etortzen zaigu burura. Gure imajinarioan, lanaren eta oparotasunaren sinonimotzat har dezakegu, eta estatu mailan euskal ETEak puntakoa izan den industria sektore baten abangoardiaren aitorpena izan dute ere. Euskal gizartearen ekintzailetasunaren lekuko izan dira, banakako enpresarien ekimenak edo ahalegin kooperatiboaren bultzadak sortuak. Francoren garaiko testu inguru babestuan ugaldu ziren eta europar integrazioren ondorioz jasandako kanpo lehiakortasuna gainditu zuten. Globalizazioak mundura begira jarri zituen. Bere erresilientzia (modako hitza, ziurtasun gutxiko garai hauetan) bere malgutasunean datzala dirudi. Baina bere tamaina txikiak arazoak sortzen ditu.

Orokorrean, enpresa handien produktibitatea handiagoa izaten da. Askotan, enpresa handiei merkatuen baldintza aldakorrei egokitzeko gaitasuna falta zaie, baina eskala ekonomiak martxan jartzen direnean, bere produktibitate maila gaindiezina da. Eta produktibitate handiago batek ere mozkina mardulagoak eta soldata altuagoak ere ekartzen ditu. Batez ere, soldaten maila horrek sindikatuen presentzia handiago bati erantzuten dio, eta horren ondorioz, sindikazio maila altuagoa izaten da eta, beraz, lan baldintza hobeak negoziatzeko ahalmena ere. Bestalde, nahiz eta askotan enpresa txikiak jarri izan diren berrikuntzaren paradigma bezala, berrikuntza sustatzeko duten gaitasuna oso baldintzatuta egon da ere bere tamainarengatik. ETE askok ez dute ikerketa egiteko ez giza baliabiderik, ezta finantzariorik ere. Kanpora begiratzeko orduan, esportazio eta merkataritza sareak atzerrian irekitzea izugarrizko ahalegina suposatzen die enpresa txiki eta ertainei. Faktore guzti hauek ETE askoren lehiakortasuna baldintzatzen dute epe ertainera begira.

Arazo horien aurrean, enpresa hauek, kasu askotan botere publikoen laguntzaz, bere estrategiak diseinatzen dituzte. Euskal zentro teknologikoen sarearen sorkuntzak, adibidez, I+Ga sustatzeko baliabide urritasun hori erantzun izan dio. Tamaina handiago baten abantailak eskuratzeko asmoarekin, gure inguruko enpresa askok kanpo (bertako zein atzerritar) inbertitzaileei bere kapital sozialean sartzeko aukera eskaini izan diete. Bazkide arrotzak sartzea bi ahoko arma izan daiteke: muskulu finantzarioaren truke, bazkide berriak ere kudeaketa eta antolakuntza praktika berritzaileak ekar ditzake ere, berrikuntza horiek askotan talka egiten dutelarik enpresaren ordura arteko kultura tradizionalarekin. Are gehiago enpresa familiarretan, non enpresa harremanak jabeen, langileen eta beste eragileen artean (hornitzaileak eta bezeroak barne) urtetan jositako erlazioen eta akordioen gain eraikita dauden. Sare konplexu horren desegituraketak, erabakiguneen desplazamenduarekin batera, enpresa horrek inguruneko lurraldean eduki zezakeen inpaktua erabat baldintza dezake, mozkinak maximizatzea logika bakartzat duen inbertsio funtsa baten gidaritzaren presiopean. Horrelako arriskuak saihesteko, beharrezkoa da bertako enpresak laguntzeko tokiko tresna eta eragile finantzarioak sortzea. Horregatik, Artizarra fundazioa bezalako erakundeen sorrera berri ona da. Ea zer ematen duen.

Ekonomian, beste hainbat esparrutan bezala, tamainak bere garrantzia du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK